Kontu-kontari aritu dira gaur arratsaldean herriko gazteenak eta adinekoak Leintz Gatzagan, artoa gaitzat hartuta. Artoaren historiaz ez ezik, Euskal Herrira nola iritsi zen aritu dira hizketan, nolakoa izaten zen uzta eta zertarako erabiltzen zen; bada, horretarako, hizlarietako bat izan da Periko Orobengoa: "Eskoriatzan ipuin kontaketa bat egin zen Gabonetan, eta hemengo guraso elkarteak jubilatuei galdetu zigun ea ipuin batzuk-edo kontatuko genituen; pentsatzen aritu ginen, eta erabaki genuen artazuriketako kontuak kontatzea". Haren hitzetan, gainera, umeak "lokartu" egiten dira kontu historikoekin, eta, horrenbestez, praktikarako aukera izan dute, artoa zuritzen aritu baitira elkarrekin; azkenik, taloak jan dituzte. "Arratsalde polita pasatu dugu elkarrekin, denbora pasa ezin hobea izan da", adierazi du Orobengoak.
Era horretan, Gurel Guraso Elkarteko gurasoek –eta ekintzaren antolatzaileek– helburutzat dute aspaldiko ohiturak herriko gazteenei transmititzea.