Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluaren bilkura, Leintz Gatzagan

Txomin Madina Milikua 2024ko api. 30a, 16:10

Aurrerantzean lurraldeko udalerrietan egingo dituen aldizkako bilkuren barruan, Leintz Gatzagan egin du lehen geldialdia Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen kontseiluak. Modu horretan, legealdi hasieran jarritako asmoari, Gipuzkoan barrena ibiltzeari, heldu dio Aldundiak.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren hitzetan, aldizkako bilkura horien helburua ez da lekuak ezagutzea edo berriro ere bizitzea, harago baitoa asmoa: "Gauzak elkarrekin askoz hobeto egiten ditugunez, elkar ezagutzea eta konfiantza esparru horiek sortzea ezinbestekoa da".

Hala, Mendozak eskerrak eman dizkio herriko alkate Dorleta Elkorobarrutiari eginiko harrerarengatik, eta nabarmendu du lehendabiziko kontseilu ibiltaria Leintz Gatzagan egiteak baduela bere arrazoia: herri txikiek lurraldeari egiten dioten ekarpena aintzat hartzea. "Gipuzkoako Foru Aldundiak oso argi du Gipuzkoa orekatua dela eta herri txikiek sekulako ekarpena egiten diela Gipuzkoako lurraldeari, hain justu, balio berezkoak dituztelako eta zaintzen dituztelako bai hizkuntzaren, ingurumenaren ikuspegitik, ohiturak...".

Aurretik egin dute bilkura

Kontseiluaren bilkura egin aurretik, batzartuta egon dira Mendoza eta Elkorobarrutia herriak dituen beharrizan eta proiektu nagusiak aztertzeko, eta hau da Leintz Gatzagako alkateak nabarmendu duena: "Lasaitasun osoz esan: hau da gure errealitatea. Bizirik jarraitu nahi dugun herri bat izan nahi dugu, baliabide turistikoak baditugu, baina bertakook ere bertan bizitzen jarraitu nahi dugu. Ez da bakarrik mantendu, baizik eta jendea erakargarri; eta horretarako daukaguna mantendu, daukagun ondarea zaindu, baina ditugun zerbitzuak ere hobetzea derrigorrezkoa da. Haiek hor aurretiko jarrera izan dute eta guk aprobetxatu dugu, eta seguru-seguru nago hemendik aurrera gauzak askoz ere hobeto bideratuko ditugula".

Mendozak, bere aldetik, gaineratu du aldundiaren konpromisoa udalerri txikien alde egitea dela, eta horren barruan, Udal Finantzaketa Foru Funtsean egingo den egokitzapena aipatu du: "Eudelek erabaki du herri txikiei diru baliabide gehiago bideratzea, Gipuzkoako Foru Aldundiak horretarako espazioak sortu ditu, eta foru arau bidez hori egingo dugu: 1.100 biztanletik beherako herrientzat diru baliabide gehiago etorriko dira foru funtsaren bidez, eta akordio hori lortu da Eudelen barruan. Guk horri garrantzia handia ematen diogu, eta herri txikiek edukiko dute aukera gehiago inbertsioak egiteko".

Diputatuen kontseilua

Behin diputatu nagusia alkatearekin bildu ostean, Gatz Museoan egin du bilkura Diputatuen kontseiluak bide azpiegiturei, gizarte politikei eta ingurumenari lotutako hainbat neurri hartzeko; eta ondoren, museoa bisitatzeko tartea ere hartu dute foru ordezkariek. Are gehiago, Mendozak arratsaldea ere Debagoienean igarotzeko probestu du: Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ordezkariekin elkartzeko, eta baita Aretxabaleta eta Eskoriatzako alkateekin ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak