Zapatu eta jaiegun iluntzean Aretxabaletatik ateratzen diren autobusen ordutegia zabaldu egingo da, eta 20:45ean eta 21:45ean izango dira azkenak. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik adierazi moduan, aldaketak datozen asteetan jarriko dira indarrean.
Erabiltzaileen beharretara hobeto egokitzeko aldaketak
Bi erakundeek jakinarazi dutenez, lehenik eta behin, DG21 linearen irteera bost minutu aurreratzea erabaki dute (Leintz Gatzaga > Eskoriatza > Arrasate), bi noranzkoetan. Horrela, beste linea eta garraiobide batzuk hartzeko aukera ematen zaie batez ere Eskoriatzara eta Aretxabaletara maiz joan behar izaten duten herritarrei, handik Arrasate, Gasteiz edo Donostiara garraio publikoan joateko.
Era berean, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua prest agertu da zapatu eta jaiegunetan Leintz Gatzaga eta Aretxabaleta lotzen dituen zerbitzuaren ordutegia zabaltzeko. Izan ere, udalak jakinarazi duenez, jende gazteak Aretxabaletan egiten du bizitza, eta behin eta berriz eskatu izan dute autobus gehiago jartzeko. Hori dela eta, autobus bat jarriko da 20:45ean eta beste bat 21:45ean.
Bi aldaketa horiek datozen asteetan jarriko dira indarrean.
Eskaerak aztertzen jarraitzeko asmoa
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako dipututatuak azaldu duenez, "garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko ari gara lanean egunero, eta, horretarako, egokitzapenak egin behar izaten ditugu etengabe, gure eskaintza gipuzkoarren beharretara egokitzeko". Gaineratu duenez, "departamentuan herritarrek egiten dizkiguten eskaerak aztertzen jarraituko dugu, gero eta jende gehiagok erabil dezan garraio publikoa joan-etorriak egiteko".
Erakundeen arteko lankidetza
Dorleta Elkorobarrutia alkateak, berriz, honakoa adierazi du: "Leintz Gatzagatik positibotzat jotzen dugu Lurraldebus autobus zerbitzua hobetzeko gure eskaera batzuk kontuan hartzea. Espero dugu helarazitako gainerako proposamenak aztertzen jarraitzea, bai herri mailan, bai eskualde mailan; izan ere, oraindik urrats garrantzitsuak egin behar ditugu mugikortasun iraunkorraren aldeko gure apustuan. Horretan lanean jarraituko dugu, herritarren arazoak eta beharrak konpontzeko erakundeen arteko lankidetzan tinko sinetsita".