ALBISTEAK

24 ordu baino gutxiago falta dira Leintz Gatzagako Andramaixak hasteko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ira. 7a, 15:41

Bihar eguerdiko txupinazoarekin eta otxandioarrei egindako ongietorriarekin emango zaie hasiera domekara arte iraungo duten Andramaixak jaiei. Halaber, gaur arratsaldean nobena amaiera ospatuko dute 19:00etan eta ordu erdi beranduago, ogi eta gazta mokadutxoa jan ahal izango da Dorletan. Halaber, HD Uda Giroan saio berezia Leintz Gatzagatik egingo da egubakoitzean eta 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan izango da ikusgai.

24 ordu baino gutxiago falta dira Leintz Gatzagako festei hasiera emango dien txupinazorako eta herriko plazak badu festetako itxura dagoeneko, azken ukituak falta arren. Herritarrak ere gustura daude beste urte batez, Andramaixak ospatzeko. Normala den legez, egitarauko gustuko ekintza ezberdina da adinaren arabera. Helduei galdetuta, gaur arratsaldeko nobena amaiera, herri afaria edota herri kirolak dituzte nahiago; etxeko txikiek, berriz, puzgarriak, adibidez.

Egitarauari dagokionez, adin tarte ezberdinei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte irailaren 8tik 10era. Urteroko hitzorduak izaten dira, besteak beste, herri afaria, herri-kirolak, haurrentzako puzgarriak edota duela urte askotatik otxandioarrei egiten zaien ongietorria. Juanito Bengoa Gatzagako udaleko zinegotziaren hitzetan, jende gehien egubakoitzean joango da: "Otxandioarrek ohitura dute Gatzagara etortzeko. Jende asko etortzen da oinez. Gero, hemen egiten diegu ongietorria, salda ematen diegu doan. Berotzeko izan beharko litzateke, baina nahiko bero egingo du".

Taldean osatutako egitaraua

Andramaixak jaietako egitaraua elkarlanean egin dute herriko eragileek eta hori aintzat izan du Bengoak: "Hemen festa hauek antolatzen laguntzen digute Gatzagan dauden elkarte guztiek. Sorginak, Jubilatuen elkartea, Txirrindularitza elkartea... Denak Gatzagako jaietan lanean sartzen dira. Ez udaletxea bakarrik". Gaur arratsaldean, esaterako, herria atontzeko geratu dira herritarrak.

Egubakoitzean ongietorriaren ostean, salda eta pintxoak, buruhaundiak eta jolasak egingo dituzte, besteak beste. Arratsalde partera, berriz, bonba japoniarren eta apar festaren txanda izango da. Eguna amaitzeko, Erne, Kaleko Urdangak, Azken Sustraiak eta Lehen Lerroa taldeak igoko dira plazako oholtzara.

Zapatuan, denetariko ekintzak egongo dira: aipatzekoak dira Potx magoaren ikuskizuna, eguerdiko mariatxiak, brista eta mus txapelketa edota puzgarriak. Gauerako, berriz, herri afaria eta Ken bat taldearen kontzertua antolatu dituzte.

Azken egunean txistulariak aterako dira kalera berriro ere eta herri kirolen ostean, trikipintxo poteoa egingo dute. Azkenik, Alarma morearen kontzertuarekin emango zaie amaiera Andramaixai.

Gainera, autobus zerbitzu berezia eskainiko du Lurraldebusek irailaren 8an eta egitarauan kontsultatu daiteke ordutegia.

'HD Uda Giroan' saio berezia

Gainera, Goiena telebistak egubakoitzean  HD Uda Giroan saio berezia egingo du Leintz Gatzagatik, eta 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan izango da ikusgai egun berean, Goiena telebistan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak