Leintz Gatzaga da bailarako herririk zaharkituena

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 29a, 08:21

Behera egin du Leintz Gatzagako populazioak, eta gainera, zaharkituena ere bada: 60 urte baino gehiago ditu hamarretik lauk. Migrazio gehien jaso duen herria ere bada.

Hainbat ertz izan ditzake Leintz Gatzagako populazioaren bilakaeraren azterketak, gogoan izan beharreko datuak erakusten baitituzte orain artean grafikoetan bildutakoek.

 

Demografiaren bilakaerari dagokionez, gatzagarren kopuruak %5,5 egin du behera 2001etik 2021era bitartean. 2000ko hamarkadaren hasiera horretan, 239 biztanle zeuden herrian, eta iaz, 226 ziren.

Jaiotza eta heriotza tasei dagokienez, nabarmentzekoa da urte batzuetan ez dela ez heriotzarik, ez jaiotzarik erregistratu; 2020an, esate baterako.

Dena den, hogei urtean 38 haur jaio dira eta 41 pertsona hil dira; beraz, aldea ez da horren handia.

 

 

Populazioak behera egiteaz batera, kontuan hartzekoa da 60 urtetik gorakoa dela biztanleen %40 baino gehiago; hamarretik lau, alegia. Beraz, bailarako herririk zaharkituena da, ezbairik gabe. Gainera, 20-59 urte artekoen tarteak osatzen du ostean herritarren gehiengoa, eta azkenik, 20 urtez azpikoenak.

Are gehiago, azken bi tarte horietako pertsonen kopuruak behera egin du 2001etik. Orduan, 20 urtez azpikoek herritarren %15,9 osatzen zuten, eta iaz %13,72koa zen datu hori. 20-59 urte artekoei dagokienez, berriz, hamarretik sei ziren duela hogei urte, eta, egun, hamarretik 4,6.

 

 

Zaharkituena izateaz gain, migratzaile gehien jaso dituen herria ere bada bailaran. Hain justu, urtero, ehun biztanletik sei migratzaileak izan dira. Pertsona horiek batik bat Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik immigratu dute Leintz Gatzagara.

Mugimendu gehien, berriz, 2013an gertatu ziren. Hain justu, 22 pertsona jaso zituen herriak eta hamazazpi joan ziren; hau da, bost herritar gehiago eskuratu zituen migrazioei esker.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak