Eguerdiko hamabitakoa zen egitarauko lehen hitzordua -santutegiko meza, hain zuzen ere- baina, ordurako, txorizo, gazta eta salda usaina nabariak ziren herriko plaza inguruan. Izan ere, aspaldiko ohitura da, gaurko egunez, Otxandiotik oinez etortzea, eta Gatzagako erretiratuek guztia prest zuten ongi-etorria emateko.
Domekara arte
Baina asteburu osoa dute aurretik oraindik eta egitarau polita osatu dute: vermouth herrikoi musikatua, haurrentzako apar festa, punk-rock taldeen kontzertua eta bola-joko txapelketa izango dituzte bihar. Txosna gertu dago plazan eta kontzertu garaian foodtruck bat ere egongo da, bertaratzen direnek jateko zerbait ere izan dezaten.
Zapatu eguerdirako, Canti Vaganti -haurrei zuzendutako show musikala-, txistulariak eta kantu-poteoa prestatu dituzte; arratsalderako, mus eta briska txapelketak eta haurrentzako puzgarriak; eta gauean izango da jaietako ekitaldi izarra: herri afaria. 160 lagun inguru espero dituzte eta haragia erretzeko parrilak gertu daude.
Laket erromeria taldeak ipiniko dio musika zapatu gauari eta domekan, berriz, Andramaixak agurtzeko, herri kirolak, txistulariak eta Jaiki Hadi dantzaldi herrikoia izango dituzte.
Erronka
Baina hori ez da guztia, gatzagarrek erronka bota baitute: ea inork ematen duen iturrian buelta, ur azpitik, 2,68 segundo baino gutxiagoan.