Makilakorta Fest jaialdiko ekintzak, herrian zentratuta

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 24a, 17:36

Makilakorta Fest jaiaren bigarren edizioa antolatu du Gatza City Krew gazte taldeak maiatzaren 7rako. Joan den astean argitaratu zuten egitaraua, izango diren pilota partiduetan izen-emateak lehenbailehen egiteko eta herri bazkarirako txartelen salmentarekin hasteko.

"Iaz izan genuen lehenengo edizioa eta oso gustura geratu ginen. Jaiegun puntual bat izan barik, abiapuntu bat izatea nahi genuen. Izan ere, Gatzagako Udalaren babesa izan arren, herriko gazteek antolatutako jai bat da, eta beraien beharrak asetzeko programa osatu da aurten ere. Iazko egitarauarekin alderatuz, aurten ez dira Makila Korta mendira igoko. Ikusiko dugu datozen edizioetan... Hori horrela, ekintza guztiak herrigunean izango dira: pilota partiduak, herri bazkaria eta kontzertuak", adierazi du Beñat Agirreurretak, Gatzagako Udaleko Kultura zinegotziak.

Kontralde eta Unidad Alavesa

10:00etan, pilota goxoarekin txapelketa jokatuko da frontoian. Nahi duenak eman dezake izena, baina, dagoeneko ia beteta dagoela adierazi dute antolatzaileek. Hala, aurrez izena eman beharko da, apirilaren 24a baino lehen. Horretarako,@gatzacitykrew Instagram kontura idatzi edo Gatzagan Labidean, Aretxabaletan Arlutz tabernan edo Eskoriatzan Inkernu tabernan eman daiteke izena.

Pilota partiduen ostean, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute, eta txartelak apirilaren 24a aurretik erosi beharko dira, Labidean, 11 eurotan. Catering batek zerbitzatuko du, eta menua paella izango da. Bazkalostean, berriz, pilota partiduetako finalak jokatuko dira, 17:30ean, eta amaitzeko, Kontralde eta Unidad Alavesa taldeen kontzertuak izango dira. Eszenatoki handia jarri barik, taulatu txikiko formatuan izango dira emanaldiak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak