Gatz Bidea, betiko bidea bada ere, 2020an gogor hasi ziren Leintz Lotzen taldeko kideak ibilbideko zenbait zati konpontzen, bideak zeharkatzen dituen lur-jabeekin berba egiten, eta auzolanean ahal izan zituzten lanak egiten. Hala ere, pandemiak inflexio puntu bat eragin die taldekideei, eta zer egin nahi duten pentsatzeko tartea izan dute, besteak beste, proiektua bera eta horren baitan dituzten ideiak berrartzeko, eta hurrengo pausoak finkatzeko. Hala, zenbait bilera egin dituzte, eta, pauso batzuk ematen ari direla eta emango dituztela adierazi dute Leintz Lotzen taldeko kideek.
Kantua eta hesien konponketak
"Eskoriatzako Udalak partida bat ezarri du Gatz Bidea konpontzeko, eta hori pozteko albistea da. Horrekin batera, Gatz Bidea-ren gaineko kantua ere egin dugu Aitor Zilardegiren laguntzaz, eta orain grabatzea geratzen da. Ibilbidean zehar zenbait hesi ere konpondu nahiko genituzke... Horretarako, loreontzi pertsonalizatuen egitasmoa jarri genuen martxan, eta arrakastatsua izan denez, batu dugun dirua, kanta grabatzera eta hesiren bat edo beste konpontzera bideratuko dugu", adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Lotzen egitasmo kideak.