Herriko plazan egingo dira astebururako prestatu dituzten ekintza guztiak. "Gatzagako Andramari jaiak ez ditugu bere horretan antolatu. Hau da, Gatzagan ez ditugu jaiak ospatuko. Hala ere, ekitaldi kultural batzuk antolatu ditugu asteburura begira…", adierazi du Beñat Agirreurreta Gatzagako kultura zinegotziak.
'Iluntze akustikoa'
Egubakoitzean, Iluntze Akustikoarekin irekiko dute egitaraua. 19:00etan, Asier Sala eta Ibai Lakuntza The Potes taldeko musikariak bertan izango dira, eta beraiekin batera Garazi Barrena musikari arrasatearra.
Euskal abestien bertsioak eta punk-rocka
Zapatuan, berriz, 11:30ean, herri kirolak izango dira, eta 19:00etan Rebel Noise eta Talka taldeen kontzertuak. Arrasateko, Oñatiko eta Aramaioko musikariek osatzen dute Rebel Noise taldea. Musikari gazteek punk-rock estiloa uztartzen dute, eta beraien kantuak eskainiko dituzte Gatzagako oholtza gainean. Talka taldea, berriz, bertsio talde akustikoa da. Orotariko euskal abestiak bertsionatzen dituzte, taldearen ukitu pertsonala emanaz era akustikoan. Hiru lagun dira taldean eta ahotsarekin batera, abestiak osatzeko gitarra, armonika, perkusioa eta biolina erabiltzen dute.
Domekan, aldiz, 11:00etan haurrentzako puzgarriak izango dira, eta 19:00etan, berriz, Los Cazahuates mariatxi taldeak kanta mexikarrak eskainiko ditu.
Neurriak hartuta
Kontzertuetarako sarrerak doakoak izango dira. Aulkiak izango dira eta eserita gozatu beharko dute emanaldiez bertaratzen direnez, musukoa jantzita, eta indarrean dauden neurriak errespetatuz. Eguraldi onarekin plazan egingo dira ekintza guztiak, eta, eguraldi txarra eginez gero, berriz, pilotalekura lekualdatuko dituzte hitzorduak.