Herriko informazioa teiletan, esaldiak eta pasarteak idatzita

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 20a, 18:23

Herri ekimen moduan Gatzagan jarri zituzten hamaika loreontzi pertsonalizatuak lorez bete dituzte egunotan, eta, horrekin batera, zenbaiten alboan teilak jarri dituzte; horiek herriko historia, bitxikeria edota pasarte atseginekin osatu dituzte.

Loreontzi bakoitza pertsonaia bat izanda, izenak ere jarri dizkiete margotuta dauden arabera. Esaterako, loreontzi bati Deba izena jarri diote, eta bere alboan honako esaldi hau idatzi dute teila batean: Hiruerreketan jaio, herrian salto, jolastu, bizi, bailaran hazi eta Kantaurin nahasi.

Loreontziei identitatea eman

Herria apaintzeko sortutako egitasmoa gatzagarren artean gustuko ekimena izateaz batera, Aste Santuko oporraldian izan dituzten turistak argazkiak ateratzen aritu direla nabarmendu dute loreontziak jartzen aritu direnek. Hori horrela, loreontzien egitasmoa indartzea eta osatzea erabaki dute. Horretarako laguntza ere izan dutela adierazi du Dorleta Elkorobarrutia gatzagarrak: "Arrasateko Buart loradendakoa herritik pasa zen behin, eta, loreontziak gustatu zitzaizkionez, loreak ekarri dizkigu; guk, trukean, loreontzi pertsonalizatua egin diogu".

Zenbait loreontzi eta mezu.

Herriko kontuak aukeratzen

Hamaika loreontzietatik gutxi batzuek dituzte, gaur-gaurkoz, herriko histori zati, istorio edo pasarte bat idatzita, baina loreontzi guztietan jarriko dituzte. Horretarako, buruari bueltak eman, informazioa batu eta horiek irakurtzeko tentagarriak diren esaldiak idatziko dituztela adierazi dute ekimena egiten ari direnek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak