Dorletako Ama txirrindularien zaindari izan zedin Erromara egindako bidaiagatik omendua

Jone Olabarria 2021ko mar. 25a, 16:10

1960. urtean egin zuen Jose Luis Saez de Olazagoitia gasteiztarrak Leintz Gatzaga eta Erroma arteko bidaia bizikletaz. Hemezortzi urte zituen orduan eta, hiru lagunek egin zuten bidai "sinboliko" hura. Dorletako Ama txirrindularitza taldeko lagunek omenaldia egin diote gaur goizean.

1960ko abuztuaren 8an, Joan XXIII.a Aita Santuak audientzia berezian hartu zituen Leintz Gatzagatik abiatu ziren hiru txirrindulariak. Tartean zen, Jose Luis Saez de Olazagoitia. Dorletako Ama txirrindularien patroi izateko elizaren baimena beharrezkoa zela azaldu du omenduak, eta nahiz eta era sinbolikoan izan, hori eskatu zioten Aita Santuari Erromara egindako bidaian: "Aurretik eginda zeuden hainbat eskaera eta gaia mugitzen hasia zegoen formalki. Hala ere guk bidai sinboliko hura egin nahi izan genuen, eta hein batean beharrezkoa izan zen helburua lortzeko; erromaraino bizikletan, txirrindularien patroia izango zenaren omenez".

Saez de Olazagoitiak azaldu duenez, orduan halako bidaia bat egitea ez zen erraza: "Egunero 200 kilometro inguru egiten genituen, baina kontuan izan behar da orduko materiala ere ez zela egungoa; orduko bizikleta batek gaurkoek baino dezente gehiago pisatzen zuen".

Saez de Olazagoitia, erdian urdinez, Dorletako Amaren santutegira sartu aurretik.

"Bereziki eskertuta"

Dorletako Ama txirrindulari elkarteko lehendakaria den Alberto Altubek azpimarratu du arabarrak izanda ere, txirrindulari hauek lotura berezia izan dutela betidanik Dorletako Amarekin: "Badira 60 urte Erromara joan zirela eta bazen ordua omenaldi txiki bat egiteko. Plaka txiki bat eman diogu, oroigarri modura, egindako lan horren garrantzia azpimarratuz. Bereziki eskertuta agertu da".

Omenduak azaldu duenez, "sorpresaz" hartu du gaurko eguna: "Apur bat ahaztua nuen kontu hau. Nire Aitak asko maite zuen Dorletako Ama eta askotan gogoratzen genuen kontu hau. Bera ostean baina, apur bat utzita nuen kontua, baina oso polita izan da dena gogora ekartzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak