Taldea osatzeko lana luzea eta gogorra izan den arren, pozik eta gogotsu agertu dira hautagaiak, lanerako prest. "Orain, bi gazte etorri dira, eta azpimarragarriena hori dela uste dut. Izan ere, gazteak erakartzea zaila da, eta gure kasuan, taldea osatzea ere zaila izan zaigu. Hala, etorkizunera begira, beste gazte batzuk animatu eta esperientzia faltaren beldur hori kentzeko baliagarria izango da", adierazi du Juanito Bengoa Gatzagako jarduneko alkateak.
Zerrendako ordena zehaztu gabe
Zerrendako ordena eta alkategaia, baina, erabaki gabe dituzte oraindik. Eta, hori zehazteko, eta beste zenbait gairen bueltan hitz egiteko batu ziren, atzo, Herriko Hautesle Elkarteko kideak.
Duela sei hilabete ez zuten udal hauteskunderik egin Gatzagan, ez baitzen Udal Gobernurako herritarrek osatutako zerrendarik aurkeztu. Inoiz gertatu bako egoera izan zen hura, herrian beste urte batzuetan aurkeztu izan baita herritarrez osatutako hautesle elkarte bat Udalean aritzeko.
Abenduaren 7ra arte lasai
Udal hauteskundeetara aurkeztu den talde bakarra izanik, ez dago zalantzarik aurrera aterako direla, nahiz-eta boto kopuru minimo bat behar duten. Hala ere, ez dute ospakizunik egingo domekan, behintzat. "Ez dugu osapkizunik izango domekan. Ea emaitzak nola irteten diren, eta ondoren, kargu-hartzea egiten dugunean izango dugu ospakizuna… Hala ere, boto kopuru minimo bat behar dugu, baina oso bitxia izango litzake taldea ez irtetea…".