Dena prest Leintz Gatzagan domekan egingo duten Gatzaren Egunerako

Txomin Madina Milikua 2019ko urr. 10a, 17:53

Laugarren urtez egingo dute Leintz Gatzagan domekan Gatzaren Eguna. Bertan egongo da nobedaderik, Sanmilixanetan egin ohi den azoka ere orduan egingo dute eta. Udaletik eskatu dute domekan herrira joateko martxan egongo den autobus zerbitzu berezia erabiltzea.

Joannes Mendizabal. Gatzagako jarduneko kultura zinegotzia

Joannes Mendizabal Gatzagako jarduneko kultura zinegotzia Goienako platoan.

Domeka honetan, laugarren urtez ospatuko da Leintz Gatzagako Gatzaren Eguna. Egitarau betea izango da, eta baita berritasunak ere gatzaren kultura indartzeko asmoz antolatutako jaian.

Zer da gatzagarrentzat halako egun bat prestatzea?

Ez gara asko herrian, eta esku asko behar izaten dira muntaketarako, garbiketarako, trafikorako… Hala ere, gogoz egiten bada, eta plaza beteta ikusten badugu, sari bat izango da. Ekimena indartzen joan dadin nahi dugu, eta herritarren inplikazioa ezinbestekoa da.

Aurten, berrikuntzak, gainera?

Sanmilixanetako artisau azoka eta Gatzaren Eguneko barazki eta gatz azokak batu nahi izan ditugu, egun indartsuagoa lortzeko. Guztira, 35 bat postu izango dira, eta hori da aurtengo berritasun nagusia. Espero dugu asmatzea.

Biarnoko Salies herriarekin senidetzea izan zenuten iazko edizioan; badatoz aurten?

Bai, etorriko dira. Gu irailean egon ginen gonbidatuta, 25 lagun inguru joan ginen autobusez. Jai handia da hangoa; izan ere, 4.000 biztanle inguru bizi dira herrian, eta 20.000 pertsona batzea lortzen dute jai horretan, nahiz eta bertan lau eguneko festa izaten den. Domekan, bestalde, etorriko da Gatzagara Saliestik kuadrillatxo bat, bisitan.

Egitarauari dagokionez, zer egongo da herrigunean?

Eguna hasteko, mendi buelta bat egingo da Jakoba Errekondorekin eta EHUko Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaletarekin. Paisaia kulturalaren aldaketaz hitz egingo du Errekondok, eta geologiako adituek lur azpiko kontuen gainean jardungo dute. Gero, plazan, azoka, egurrezko jolasak eta artisauen tailerra haurrentzat, Kilimak taldearen kontzertua… izango dira. Museoan, berriz, bisitak eta gatzurarekin fermentazio teknikak erabiliz barazkiak kontserbatzeko tailerra izango da Olaia Blancorekin.

Besterik?

Gatz Bidia eginaz Eskoriatzatik Gatzagarako bidea oinez egiteko hitzordua ere jarri dugu. 10:00etan, Eskoriatzako plazatik irtenda.

Autobus zerbitzu berezia izango da domekan

Beste edizio batzuetan gertatu den moduan, Gatzagan aparkatzeko zailtasunak izan dira Gatzaren Egunean; izan ere, aparkalekua mugatua da, eta sekulako nahaspila izaten dela jakinarazi du Udalak. Hori horrela, Udalak berak hala eskatuta, autobus zerbitzu berezia izango da egun horretan, Eskoriatzatik Gatzagara joan nahi dutenentzat.

Batetik, Goierribusek bi zerbitzu jarri ditu egunerako: 10:30etik 12:00etara bitartean Gorosarri-Aingeru Guarda-Leintz Gatzaga ibilbidea egiten izango da autobusa, eta ondoren, 12:00etatik 15:00etara, berriz, ibilbide bera egingo du; kasu honetan, Gatza-gaindik pasata. Bestetik, Lurraldebusek ordutegi eta geltoki berriak ezarri ditu Eskoriatza eta Gatzaga bitartean zapatu, domeka eta jaiegunetarako –Lurraldebus.eus webgunean daude ikusgai–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak