Gatz Bidearen lehen ibilaldi ofiziala "oso arrakastatsua" izan da

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko api. 29a, 16:49

Gatz Bidearen lehen ibilaldi ofiziala egin dute gaur Leintz Lotzen ekimenak antolatuta. Aretxabaletatik irten da lehen herritar taldea eta gero Eskoriatzan beste batzuk elkartu dira Leintz-Gatzagara arteko bidea egiteko. Bazkaltzera 74 herritar hurbildu dira eta VHS sindromeari aurre egiteko egiteko Sendabidea elkartearentzat 659 euro lortu dituzte. Antolatzaileek balorazio "ezin positiboagoa" egin dute.

Ekimenaren bultzatzaile nekaezinetako bat den Dorleta Elkorobarrutiak azaldu du zer den Gatz Bidea: "Gatz Bidea izena guk jarri genion. Aspaldi lur jabeek gurdietarako erabiltzen zuten bidea zen, animaliak Leintz-Gatzagara joateko. Duela bost edo sei urte Eskoriatzako Eskolore taldeak PR-100 ibilbidea markatu zuen hemen eta guk urteotan egin duguna izan da ibilbide hori ahalik eta ondoen egokitu. Azken finean, nahi duguna da Leintz-Gatzagako herria Eskoriatzara eta bailara zabaltzea; izan ere, gaur egun dagoen bidegorriarekin lotuko dugu Gatz Bidea".

"Hau ez da sekula amaituko"

Esandako moduan, gaur egin dute lehen ibilaldi "ofiziala" eta, eguraldia lagun, antolatzaileek espero baino jende gehiago elkartu da. Elkorobarrutiak esker on hitzak izan ditu: "Bailaratik etorri den jendeaz gain, hainbat inplikatu dira ekimenari forma emateko. Benetan, eskerrik asko. Jende asko elkartu da, lehen ibilaldia oso arrakastatsua izan da. Orain, ezagutzera emateko eta batez ere erabiltzeko urratsak eman beharko ditugu".

Bertso berezia

Eskoriatza eta Leintz-Gatzaga arteko mugan abestu duten kantak ezin hobeto laburbiltzen du Gatz Bidearen oinarria:

...eta guztiok batera

Gatz-bidien alde egitera

mugarriak hurbildu eta

geu be hurbilduko gara,

tipi-tapa Eskoriatzatik

tipi-tapa Gatzagatik

elkarlanaren bidea da

lorpenaren giltzarri.

Erlazionatuak

Gatz Bidetik Sendabidera jaialdia argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019 api 28 Leintz Gatzaga

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak