Sanmilixanak ospatzeko egitarau zabala antolatu dute

Imanol Beloki Unamuno 2018ko aza. 9a, 15:52

Azaroaren 11n izango da San Milixan eguneko artisau azoka Leintz Gatzagan. Aurtengoa 26. eskulangintza azoka izango da, eta, hain zuzen, urtero moduan, frontoian jarriko dituzte postuak artisauek.

Hamabost postu inguru izango dira aurtengo edizioan. Sorginak taldekoak taloak egiten izango dira goiz osoan, eta, 11:00etan hasi eta 13:30ak arte, txandakako zortziko taldeetan, zeramika tailerra izango da haurrentzat. Horrez gain, Gatz Museoan bisitak izango dira: 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Egitarauaz gainera, Eskoriatzatik Gatzagara autobusean joateko eskaera egin dute, orduro egongo baitira autobusak.

 

Neguari ongietorria Sanmilixen aurretik, Neguari ongietorria egiteko jaia ere antolatu dute Leintz Gatzagako liburutegiko kideek zapaturako. 10:00etan, mendi buelta egingo dute Gatzagako basoetan zehar eta 11:30ean, txondorra ikusteko aukera izango da, Egurretik ikatzera, aitzinako lanbidea ezagutzeko. Ostean, Pello Añorgak ipuin kontaketa eskainiko du; amaitzean, luntxa izango da.

Txondorra, eguena ezkero prest

Herriko hainbat lagunek txondorra egin, eta pasa den eguenean piztu zuten, Gatz Museoaren alboan. "Liburutegiko taldeak eskatuta egin genuen pasa den eguenean, eta, egiteko sasoirik onena ez bada ere, egin dugu. Pago-egurrarekin eta Nafarroako eta hemengo estiloa nahastuz egin dugu. Asmoa astebete inguru irautea da, eta, horretarako, hiru orduro txandak egiten ari gara", adierazi du Iker Gabilondok, txondorraren egileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak