Goizean goizetik hasi da festa eguna da Gatzagan, pilota txapelketako lehen kanporaketekin. 24 bikotek eman dute izena, antolatzaileen aurreikuspenak txiki utziz. "Ez genuen espero hainbeste jendek izena ematea. Bailarako herri askotatik etorri da jendea, eta benetan harrituta gaude erantzunarekin" azaldu du Asier Urizar antolatzaileak.
Herri bazkarian ia 100 lagunek hartu dute parte, eta hemen ere espero baino kopuru handiagoa batu dute antolatzaileek. "Herrian bertan txartel ugari saldu ditugu. Baina horrez gain, Aretxabaletan eta Eskoriatzan ere jarri ditugu salgai, eta ondo funtzionatu dute. Guztira 93 txartel saldu ditugu, eta oso pozik gaude".
Bazkal ostean, pilota txapelketako finalak jokatu dira. Gizonezkoetan, Joseba Zubizarreta eta Oier Urrutia izan dira irabazleak; eta emakumezkoetan, Lierni Zangitu eta Ibone Arrieta.
Ondoren, kontzertuek hartuko dute protagonismoa. Aretxabaleta, Eskoriatzako eta Arrasateko hiru taldez gain, Iruñeako talde bat ere etorriko da. "Gaurkoan garrantzitsuena, ahal dugun heinean Altsasuko gazteei laguntza ematea da, eta nik uste dut hemen muntatu duguna ikusten badute poztuko direla".
Gatzaga herri txikia izanik, iniziatiba aldetik indartsu dagoen galdetuta, zera erantzun du Urizarrek: "Herri txikia gara, baina mugitzen gara. Saiatzen gara herriari bizi apur bat ematen, eta gaurkoa bezalako erantzunak jasotzea oso atsegina da".