Gipuzkoako Foru Aldundia, lurralde oreka zuzendaritzaren barruan, Gipuzkoako herri txikiak bisitatzen ari da. Helburua da Aldundiak lagunduta herrian egin diren proiektuak bertatik bertara ezagutzea, eta dituzten beharren eta etorkizunean egiteko dauden proiektuen berri jasotzea.
Nabarmentzeko bi proiektu
Leintz Gatzagako udal arduradunek bereziki egiteko dauden bi proiektu nabarmendu eta erakutsi gura izan dizkiete foru ordezkariei. Lehena, Arlabanen, Araba eta Gipuzkoa lotzen dituen zatian egiteke dagoen bidegorri zati bat.
Arazoak sortzen dituen eta hobetu beharrekoa den beste gune bat autobus geltokiarena da. Hala, gunea bera ezagutzen ere izan dira. Honela adierazi zuen Ainhoa Aizpuruk: "Autobus geltokia errepide ondoan dago, umeak daude, eta gunea ikusten izan gara. Bestalde, herritarrei mesede handia egin dien aparkalekua ere ikusi dugu".
Gatz Museora bisita
Bisita bukatzeko, Gatz Museoa bisitatu dute Foru Aldundiko kideek. Ainhoa Aizpuru diputatuak herri txikietan aktibitate ekonomikoa sortzearen garrantzia azpimarratu du, eta herriei bizia emateko gakoa direla nabarmendu.