Eneka Zankadak 2015ean hartu zuen alkate kargua; Leintz Gatzagako historian lehen emakumea. Agintaldi honetako hiru urte pasa ostean, lan kontuengatik alkatetza utzi behar izan duela adierazi zuen: "Alkatetza utzi arren, zinegotzi moduan jardungo dut hemendik aurrera. Aukera bat sortu zait lanean, eta, zalantzak izan ditudan arren, erabaki hau hartu dut. Hala ere, orain arte moduan lanean jarraituko dugu denok batera, elkarrekin. Izan ere, aurpegia alkateak ematen duen arren, taldean egiten dugu lan udaletxe honetan".
Hori horrela, orain arteko boskote berak jardungo du Udalaren kudeaketan: Eneka Zankadak, Ixidor Salaberrik, Joannes Mendizabalek, Roberto Otazuk eta Juan Bengoak.
Juan Bengoa, alkate
Juan Bengoak, Leintz Gatzagako alkate berriak, hauxe esan zuen kargua hartu berritan: "Ez zen nire helburua alkate izatea, baina hala izan da. Eneka Zankada izendatu zutenean, hark esan zuenez: 'Alkate, denok gara Gatzagan'. Eta hala jarraitzea espero dut. Hasiera batean, Roberto Otazu izendatu behar genuen, baina hura ere lanpetuta dabil… eta niri tokatu zait. Alkatetzarako laguntza eskatzen dut soilik".
Osoko bilkurari amaiera emateko, aginte-makila eman dio Eneka Zankadak Juan Bengoari, eta talde argazkia atera dute.