Hamabost urte baino gehiago egon da itxita liburutegia, eta, egoera onean dauden liburu eta pelikulen bilketa egin ostean, liburuak prestatzen ari dira pegatinak jarriz eta datuak sistema informatikoan sartuz, baina zabaldu zutenetik erabilgarri dago. Hala, erabilera xumea duen arren, Leintz Gatzagako liburutegiko boluntario taldeko kide Nerea Altunak adierazi du herritarrek pozik hartu dutela liburutegia zabaldu izana: "Harrera positiboa izan duela uste dugu. Herri txikia da Gatzaga, eta, erabilera xumea izan arren, gehitzen den zerbitzu bat onerako dela uste dugu".
Funtzionamendu berezia
Liburutegiaren funtzionamendua ezberdina da beste liburutegi batzuekin konparatuz. Ludotekako ordutegian, mailegutza sistema bidez har daitezke liburuak, martitzenetik egubakoitzera, eta astelehen arratsaldeetan, liburuzain boluntarioak izaten dira herritarrak atenditzen. Horrekin batera, astelehen goizetan eskolako haurrak izaten dira, eta Bularretik Mintzora egitasmoarekin bat egiten dutela gaineratu du Altunak.
Maiatzetik urrira, itxita
Maiatzaren amaieran itxi egingo dute liburutegia, ludotekaren ordutegia jarraitzen duelako. Hala ere, lanean jarraituko dute boluntarioek, eta irailetik aurrera zerbitzu berriarekin irekiko dute liburutegia. Hain zuzen ere, liburutegien arteko mailegutza eskainiz.