2017rako 50.000 euro gehiago izango ditu Gatzagako Udalak

Eneko Azurmendi 2017ko urt. 27a, 10:12

Atzo, eguena, onartu zen 2017rako behin-behineko aurrekontua. Eusko Jaurlaritzak diru kantitate hori –50.000 euro– Gatz Museora bideratuko du, bertako gatza merkaturatzeko asmotan. HAZI fundazio publikoarekin sinatu du hitzarmena Gatzagako Udal Gobernuak.

526.050,53 euroko aurrekontua izango du 2017rako Leintz Gatzagako Udal Gobernuak, eta inbertsioetarako 94.153,00 euro aurreikusten dira. Hori horrela, 2016an baino 50.000 euro gehiago izango dira aurrekontuan. "Urtero oso antzekoa izaten da aurrekontua; izan ere, diru sarreren arabera egiten dugu eta hori, normalean, ez da askorik aldatzen, urtero ia berdinak dira. 2017ari begira, aurrekontua handiagotu egingo zaigu, Eusko Jaurlaritzak 50.000 euroko diru-laguntza emango digulako", adierazi du Ixidor Salaberrik, Ogasun zinegotziak.

Izan ere, HAZI fundazio publikoarekin hitzarmena sinatzea onartu zen atzoko osoko bilkuran, eta, hitzarmen horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du Gatz Museoak bertan ekoitzitako gatza Euskal Herri mailan merkaturatzea.

HAZI, esandako moduan, sektore publikoko fundazio bat da, helburutzat honako hau duena: lehen sektorearen lehiakortasuna, berau sustatuz, bultzatuz eta indartuz. Horrez gain, landa, itsasertz eta elikagaien sustapena lantzen du, ondare kulturala eta naturala zainduz.

Hitzarmen horren bitartez, bi aldeek hainbat konpromiso hartzen dituzte. Batetik, Leintz Gatzagako Gobernuak hartutako konpromiso nagusia hau da: herrian ekoitzitako gatza merkaturatzeko proiektua abian jartzea, horrek dakarren guztiarekin –azterketa, bideragarritasun plana, gatz ekoizpena, diseinua, marketina, eta abar–.

Bestalde, HAZI fundazio publikoak konpromisoa hartu du, batetik, proiektuaren garapenean eta gauzatzean Udal Gobernuarekin kolaboratzeko eta, bestetik, proiektua diruz laguntzeko, aipatutako kantitatearekin.

50.000 euro horien %60 hitzarmena sinatzen den momentuan bertan eskuratuko du Udal Gobernuak, hitzarmenean bertan jasotakoaren arabera. Gainontzekoa, %40, berriz, proiektua bukatzean eta egin diren gastu guztiak justifikatuta egotean.

Hasiera batean, urtebeteko iraupena izango du hitzarmenak, baina luzatzeko aukera dago, justifikatutako arrazoia bada.

Behin-behineko onarpena

Atzoko osoko bilkuran behin-behinean onartu ziren 2017rako aurrekontuak. "Buletinera bidali beharko da aurrekontua, jendeak informazioa eskuragarri izan dezan eta, alegazioren bat egin nahi badu, aukera izan dezan. Ez bada alegaziorik aurkezten, ontzat emango da gaur sinatutakoa", azaldu du Gotzon Goikoetxea idazkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak