Ekintza nagusia frontoiko azoka ekologikoa izan zen. Bertan, gatza izan zen protagonista. Poza de la Sal eta Añana herriek postuak jarri zituzten, eta hango gatza eta eratorritako produktuak eskaini. Horrez gain, baserriko hainbat produktu ere izan ziren beste postu batzuetan.
Ekintza eta tailer ezberdinak
Azokarekin batera, gaztaina bilketa oinarri zuen ibilaldiak, gatz museoko bisita gidatuak eta haur zein nagusiei zuzenduriko tailerrek atzo goizeko egitaraua osatu zuten. Gatz Museoan gatz-xaboia egiteko tailerra egon zen. Frontoi kanpoaldean, berriz, gatzarekin marrazkiak eta eskulturak egiteko tailerra.
Antolatzaileak pozik
Leintz Gatzagara bertaratutakoek goiz atsegina pasatzeko aukera izan zuten; hainbat produktu dastatzeaz gain, askotariko ekintzetan parte hartu zuten. Antolatzaileak pozik azaldu dira jendeak izan duen erantzunarekin. Euren asmoa zen herrian egiten dena erakustea, Gatzagaren izenaz gain, bertako produktu nagusiaren nortasuna ere landuta.