Leintz Gatzagako opor aurreko azken osoko bilkura udal batzarrari azken berrien gaineko informazioa emateko bilera izan da, gehienbat.
Aipatutako gaiekin batera, Udalsarea 21 Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarera atxikitzeko alkatetzak emandako ebazpena berretsi du Udal Batzarrak.
Leintz Eskola Kirola taldearekin sinatu beharreko hitzarmena ere gaien zerrendan zegoen. Hala ere, gai hori tratatzen ari den zinegotziaren faltan, hurrengo osoko bilkurarako atzeratu dute.
Bestalde, herriko gela desplazatuaren egoerak bere horretan jarraitzen duela eta Eusko Jaurlaritzaren zain jarraitzen dutela dio Eneka Zankada Gatzagako alkateak. "Aurreko astean ere egon ziren Jaurlaritzarekin batzartuta, baina oraindik ez dute ezer erabaki. Okerrena da Gatzagako gurasoek oraindik ez dakitela irailean nora eraman beharko dituzten euren seme-alabak", azaldu du.
Azkenik, eta abuztua erdian dagoela kontuan hartuta, herriko jaiak ere iristear daude eta egitaraua ia guztiz zehaztuta dagoela nabarmendu du alkateak. "Puntaik Punta antolatzeko herriko talde bat sortu zen eta talde berak jarraitu du jaiak antolatzen. Jende asko dago inplikatuta eta nik uste dut egitarau polita osatuko dela", adierazi du.
Aurten, Dorletako Amaren eguna, irailaren 8a, eguena izango da eta egun horretatik domekara bitartean ospatuko dituzte Gatzagako andramaixak. Jai hauetan ere Otxandioko lagunen bisita izango dute gatzagarrek, urteroko ohiturari jarraituz eta bi herri hauen arteko senidetze harreman hori mantenduz.