Aparkaleku berriko pareta berreraikitzen dihardute

Ubane Madera 2016ko ots. 23a, 15:19

Leintz Gatzagako lurjausia konpontzeko lanak hasita dira. Aparkaleku berria egokitzeko orubeko pareta da, hain justu, berreraikitzen dabiltzana. Urtarril hasieran behera etorri zen hura eta orain pareta berria egiten dabiltza, harri handiak baliatuta. Drainatze azpiegiturak ere sartuko dituzte bertan. Eguraldiak lagunduz gero, hilabetean bukatuko dituzte obrak.

Urtarrilean jausitako lurrak erretiratu ondoren, pareta berria eraikitzeko lanak hasi ditu Nafarroako Zubieder enpresak.

Oraingo honetan, harri bitartez egonkortuko dute mendi-magala, atzera ere behera etor ez dadin. 800 eta1.500 kilo arteko harriak dabiltza erabiltzen horretarako, Arrasateko Kobate harrobitik ateratakoak.

Era berean, mendiari drainatzeko azpiegiturak sartuko dizkiote. Izan ere, menditik datozen urek eragin zuten uztailean bukatutako pareta sei hilabete geroago behera etortzea. Eta urok horiek bideratzeko egokituko dituzte drainatze azpiegiturak.

Guztia ondo bidean, hilabetean bukatuko dute aparkaleku berrirako pareta. Bestela esanda, eguraldiak eragozpenik sortu ezean, martxoaren amaierarako edo apirilaren hasierarako eginda egongo da pareta berria.

Bigarren fasea, baldintzatuta

Hori bai, orain baldintzatuta dagoena da Leintz Gatzagako aparkaleku berria eraikitzeko bigarren fasea. Hau da, aparkalekua bera bukatzea.

Izan ere, paretaren konponketaren edo berreraikitzearen kostua Leintz Gatzagako Udalak hartu beharko du bere gain. Eta oraindik ez dakite zenbatekoa izango den behin betiko kopurua hori; baina gainera, Leintz Gatzagako Udalaren aurrekontua eskualdeko txikiena izanik, halako ezustekoek eragin handia izaten dute bestelako proiektuetan.

Leintz Gatzagako Udalak aparkaleku berria sortu gura du udalerritik Gatz Museorako eta Dorletarako bide hasieran, hain justu ere, bi eraikinak ikustera datozen bisitariei begira, bereziki, autobusean etortzen diren bisitariek aparkaleku egokia izan dezaten, eta modu horretan udalerriarendako horren garrantzitsua den turismoari erraztasunak emateko.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak