Duela 18 urte bilakatu zuten gatz-fabrika museo eta nahiz eta azken 40 urteetan gatzik ez ekoiztu, museoarendako gatz-aro berri bat dator; izan ere, museo bezala funtzionatzeaz gain, gatza ekoizten hasiko dira laster. Dagoeneko proba batzuk egin dituzte eta ekoizpenari kantitate txikietan ekin diote momentuz. Beharrezkoak diren baimenak lortu ostean, ekoizpena salmentari begira izango da: hori, Gabonak baino lehen izatea espero dute.
Eta hain zuzen, museoari eta ekoizpenari bultzadatxoa emateko sortu dute webgunea. Horretaz gainera, museoaren Twitter eta Facebook kontuak ere ireki dituzte.
Turismoa bultzatu guran
Kontuak kontu, ahalegin guzti horiek herriko zein bailarako turismoa sustatzeko egiten dabiltza, Mankomunitatearen Plan Estrategikoaren barruan. Hala, inguruko baliabide turistikoekin (jatetxe zein landetxeekin), elkarlanean aritzea funtsezkoa dela azpimarratu du Aitor Larrañaga museoko arduradunak eta dagoeneko etorkizunera begira aurrerapausoak emateko egin dituzte lehenengo bilerak.