Izendatu dituzte udal kargudunak eta erakundeetarako ordezkariak

Ubane Madera 2015ko uzt. 2a, 12:08

Laburra izan da Udal Gobernu berriaren lehen udalbatzarra, hamar minutu eskasekoa. Gaur, eguena, goizean egin dute, eta gai-zerrendan izan dituzten bost puntuetatik lau izan dira udal ordezkariak izendatzearen gainekoak.

Laburbilduz, berretsi egin dituzte udal batzordeei dagozkien izendapenak, eta haien ordezkoak ere zehaztu: Ogasunaz Ixidor Salaberria arduratuko da; Zerbitzuak eta Hirigintza arloaz, Roberto Otazu, Mendiak Saila Juan Bengoak hartu du, Kultura Joannes Mendizabalek eta Zerbitzu Sozialak eta Turismoa Eneka Zankada alkateak.

Erakundeetarako ordezkariak

Horiez gain, bestelako erakunde batzuetarako udal ordezkariak ere izendatu dituzte; adibidez,: Debagoieneko Mankomunitaterako, Bideberrirako eta Jakionerako ordezkaria izango da alkatea; Eudelerakoa, berriz, Joannes Mendizabal eta Debagoieneko Landa Garapenerako Juan Bengoa. Bestalde, alkateordea izango da Roberto Otazu eta diruzaina, berriz, Marijo Ganboa.
Izendapenez gainera, udalbatzarrak hartutako beste erabaki bat izan da osoko bilkurak orain arte moduan egingo dituztela, bi hilabetetik behin, eta 08:30ean. Eguna zehazteko utzi dute.

Iturria konpontzen

Bestalde, osoko bilkuratik kanpo, Eneka Zankada alkateak jakinarazi du 12 tutuko iturria konpontzen dihardutela. Astea darama geroago eta ur gutxiagorekin, edan ere ezin daiteke bertatik edan. Roberto Otazu zinegotziak jakinarazitakoaren arabera, ihesa dago, eta susmoa da ur tuturen bat apurtu egin dela. Kontuak kontu, konpontzeko bidean da iturria, eta are gehiago, akaso biharko (egubakoitza) konponduta egon daitekeela aditzera eman du Otazuk.

Bien bitartean, egunotan udalekuetan dabiltzan neska-mutikoendako plastikozko igerilekutxo bat jarri dute udaletxe ondoko parkean.

Udan ere erizaina gura

Eta alkateak jakinarazi du, baita ere, datorren astean batzarra egingo duela Osakidetzako ordezkariekin Leintz Gatzagarako zerbitzuak direla-eta. Izan ere, berez, Osakidetzak iragarri du irailaren 9ra arte herrira ez dela medikurik joango. Erizaina bai, hura uztailaren erdialdera arte joango da. Baina, alkatearen ustez, hori ez da nahikoa; uste du erizaina bertan izan beharko litzatekeela, baita udan ere.

Eta datu batzuk eman ditu Osakidetzari egin behar dion eskaera arrazoitzeko: 65 urtetik gorako 42 lagun daude Gatzagan erroldatuta, horietatik lauk mendekotasun handia dute eta beste zazpi lagun balorazio prozesuan daude. Hala, gaixotasun kronikoa dutenen kasuan, behar duten tratamendua lortzeko derrigortuta egongo dira Eskoriatzara joaten, eta mendekotasuna dutenen kasuan, bi lagun egongo dira horretara derrigortuta. Horregatik ahalegindu behar da Gatzagako alkatea erizain zerbitzua bermatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak