Ez dira gutxi Eugenio Otsoak gatzagarrendako Udalean lanean eman dituen urteak: lau agintalditan alkate (1987 eta 2000 urte artean eta 2011-2015 agintaldian) eta beste lau urtez zinegotzi (2003-2007) izan da. Orain beste bide bati ekingo dio. Honela esan zuen duela gutxi Goiena-n egindako elkarrizketa baten: "60ko hamarkadan sartuta, hirugarren adinera noala ikusten dut eta urtetan alde batera utzita ditudanak landu nahi nituzke: kirol apur bat egin, paseoak, gauzak lasaiago hartu…".
Atzo, zapatua, udalbatza berrien osaketa eguna zela eta, testuinguru hori aprobetxatu zuten gatzagarrek Otsoari omenaldia egiteko. Kargu-hartze ekitaldiari beste itxura bat eman nahi izan zioten, ospakizun herrikoi bilakatu eta horretarako, goizean auzolana eta kargu-hartze ostean bazkaria antolatu zituzten.
150 bat lagunek hartu zuten parte bazkarian, eta hantxe egin zioten omenaldia Otsoari, hark ezer ez zekiela. Gatzagarrez gain, Arrasateko, Gasteizeko, Kataluniako zein Kanarietako Otsoaren lagunak etorri ziren bazkarira.
Opari asko egin zizkioten. Esaterako, Otsoak sarri aipatzen duen Gustuko lekuan aldaparik ez lelodun txapela. Kataluniako lagunek, bestalde, Artur Masek dedikatutako liburua ekarri zioten...
Bertso, kopla, jota, musika eta giro ona ez ziren falta izan eta bertaratutakoek esan dutenez, egun ederra igaro zuten.