Azken urteotan bizi dugun krisi egoera izan da datorren urteko tasak izozteko udalbatzarrak hartutako erabakiaren arrazoi nagusia, udalbatzaren "ezkerreko" izaerarekin bat eginez.
Horixe izan da gaurko (eguena) osoko bilkurak hartu duen erabakietako bat.
Beste bat zirkulazioa arautzeko ordenantzari onespena ematea izan da. Abiadura mugak eta aparkatzeko leku egokiak errespetatu egiten direla bermatu gura dute haren bitartez, ikusita jendeak ez dituela arauak betetzen, bereziki asteburuetan Gatzagako jatetxeetara joaten direnek.
Isunak jartzeko aukera
Udalaren asmoa da hasieran abisu bitartez jakinaraztea zirkulazio arauren bat urratu dela, eta horiek ez badira eraginkorrak, azken urratsa izango da isunak jartzea. "Ertzaintzarekin berba egingo dugu isunen gainean, ze guk ez dugu udaltzainik. Dena den, gure helburua ez da isunak jartzea", zehaztu du Iñaki Agirreurreta zinegotziak.
Zirkulazio ordenantza behin-behinerako onartu du gaur udalbatzarrak. Orain, buletin ofizialera bidaliko dute, eta udaletxepean ere jarriko dute, herritarrek ikusi eta norbaitek alegaziorik balu, haiek aurkezteko. Burokrazia tramiteak bukatu ondoren emango diote behin betiko onespena zirkulazio ordenantzari. Pare bat hilabete barru-edo izango da hori.
Gatz Museoa
Eta gaurko osokoan landutakoen artean, aipagarria da Gatz Museoa biziberritzeko proiektua oso aurreratuta dagoela. Hainbat konponketa egitea onartu du udalbatzarrak, etorkizun motzera begira Gatz Museoan gatz produkzioa berreskuratzeko asmoa gauzatu ahal izateko.
Azken horri dagokionez, adibidez, dagoeneko erabakita dute gatz lorea izango dela komertzializatuko duten gatz mota. Eta orain, gatz lorearen ezaugarriak finkatzeko probak egiten dihardute.