Etxafuego eta bonba japoniarren jaurtiketarekin emango diote hasiera jaiei bihar arratsaldean, Gatzagan. Kanpai errepikek eta txalapartariek egingo diete ongietorria eta umeek apar festa izango dute. Hala, lau egunetako Andramari jaietan bete-betean sartuko dira. Egubakoitza, gainera, rock jaialdiak borobilduko du. Urteroko ekitaldia da eta aurten Aretxabaletako lau taldek jardungo dute: Criminal Remain, GaupaHeroes, Kalaña eta 2Kot.
Zapatua, batez ere umeei eskainitako eguna izango da: 12:30ean, Kiki, Koko eta Moko pailazoak eta 16:30ean, puzgarriak.
Eta txikiendako ekitaldiokin batera gainerakoendakoak izango dira: mus eta briska txapelketak 16:30ean, eta bolo txapelketa 19:00etan. Gau partean, ostera, afaltzeko elkartuko dira herritarrak.
Afalostea, gainera, Bilbo ingurutik etorriko den Akatz reagge taldeak eta Gasteiz aldeko Sirokok girotuko diete.
XII. mendi bizikleta zeharkaldia
Ajeak uxatu eta domeka hasiko dute XII. mendi bizikleta zeharkaldiarekin. Gaztetxoek –14 urtetik gorakoek– eta helduek parte hartu ahal izango dute beti legez, eta izena pilotalekuan eman behar da hasi aurretik (08:00-09:00). Federatu gabeek 18 euro ordaindu beharko dute eta federatuek, 12 euro; gaztetxoek, ostera, 2 euro. Izena emandako lehenengo 200 lagunek kamisetak jasoko dituzte. Bukaeran saririk ez da izango baina opariak bai, beste batzuen artean Jakionen produktuak, gaztak eta urdaiazpikoak zozketatuko dituzte.
Helduek 09:00etan irtengo dute plazatik, eta Dorletatik bueltan Olaun aldera joan; handik Hiruerreketaraino iritsi eta Gatzagaindik bueltan herrira jaitsiko dira. Bertako anoa postutik pasatu eta Jarindorantz joko dute, eta handik herrira jaitsi 32 kilometro eginez. Gaztetxoek, ostera, 10:00etan irten eta Dorletako santutegira joan-etorria egingo dute.
Eguerdi partean Arrasate Musikaleko bandaren kontzertua izango da eta arratsaldean pilota txapelketako finalak. Iluntzean, ostera, Ama Birjinaren bederatziurrena egingo dute Dorletako santutegian, eta ostean mokadutxoa bertan.
Eta astelehenean, Dorletako Amaren Egunean, Otxandioko lagunak etorriko dira urtero legez. Meza nagusia izango da 12:00etan, Dorletako santutegian, eta ostean herri kirolen erakustaldia plazan. Halaxe bukatuko dituzte aurtengo jaiak.