Leintz Gatzagako saneamendu eta araztegiko obren barruan 300 metroko kolektore berriak eta hondakin uren araztegia daude. Azpiegitura horren kostua 500.000 eurokoa izan da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ur kontsorzioak finantzatu dute erdibana.
Gaur egin dute inaugurazio ekitaldia eta bertan izan dira besteak beste Ingurumeneko eta Obra hidraulikoetako zuzendari Ainhoa Iraola, Ur Kontsorzioko lehendakari Eneko Etxeberria eta Leintz Gatzagako alkate Eugenio Otxoa.
Duela bi hilabetetik martxan da araztegi berria eta hari esker, orain arte errekara isurtzen ziren ur zikinak garbi doaz gaur egun. Bioingenieritzako metodologiak erabiliz egin den araztegiak Leintz Gatzagako 170 biztanleren isuriak jaso eta tratatuko ditu.
Isuriak hondakin uren araztegia dagoen tokiraino eramateko 70 metro dituen kolektore bat instalatu da. Hondakin uren araztegiak ura dekantatu eta tratamendu biologikoa ematen dio.