Adimen desgaitasuna duten pertsonen inklusioa oztopatzen duten aurreiritziei eta aitzakiei erreparatu die Atzegik aurtengo sentsibilizazio-kanpainan. Gipuzkoako elkarteak Eskoriatzako udaletxean aurkeztu du Itxurazaleak egitasmoa, eta bertan elkartu dira elkarteko ordezkariak, kideak, senideak eta udal ordezkariak.
"Gizartea gero eta inklusiboagoa da, baina oraindik erronka asko ditugu eta gauza asko egiteko", adierazi du Patricia Ayo Atzegiko Familiei Laguntzeko Zerbitzuko arduradunak. Aurten, aisialdian jarri dute arreta berezia; izan ere, Ayok azaldu duenez, askotan asmo txarrik gabe erabiltzen diren aitzakiek eragin handia izan dezakete adimen desgaitasuna duten pertsonen bizitzan.
Inklusioa, esparru guztietan
Debagoienean, adimen desgaitasuna duten 200 pertsona daude Atzegiren barruan, eta elkarteak 197 laguntzaile eta 889 atzegizale ditu eskualdean. Agurtzane Barrutia Debagoieneko koordinatzaileak "oso ausartzat" jo du aurtengo kanpaina, eta azaldu du familiak ohituta daudela eskaintzen dizkieten aukerak eskertzera, baina oraingoan aukera horiek emateko beharra aldarrikatu nahi izan dutela.
Ildo horretan, Atzegik eta Gureakek elkarlanean sustatutako Pauso Berriak programa izan dute hizpide aurkezpenean. Egitasmoaren helburua adimen desgaitasuna duten pertsonei Gipuzkoako enpresa eta erakundeetan lan egiteko aukerak eskaintzea da. Eskoriatzako Udala ere programaren parte da, eta Dorleta Sologaistoa Ongizate zinegotziak erakunde publikoek inklusioa sustatzeko duten egitekoa nabarmendu du.
Atzegiko kideek eta senideek ere beren esperientziak, kezkak eta aldarrikapenak partekatu dituzte aurkezpenean. Besteak beste, Markel Barrocal Atzegiko kideak gainerako herritarrek dituzten aukera berberak izateko eskubidea aldarrikatu du.