HEMEN DEBAGOIENA Handik hona

Ared Aguirre: "Hemen bizi izatea errazagoa da, segurtasunagatik eta aukera gehiago dauzkazulako"

Idoia Aranbarri Arzuaga

Ez zekien abizen euskalduna zuenik, eta "mundukoa" sentitzen da: "Ez zaizkit mugak gustatzen"

Azaroaren 27an beteko ditu 46 urte Ared Aguirrek (Chaparral, Kolonbia, 1980). Aldaketa askoko bizitza izan du, baina gaineratu du gaur egun "momenturik onenean" dagoela.

Abizenez, Aguirre; abizen euskalduna.

Hori esaten dute, baina lehen ez nekien; nire senarrak esan zidan euskalduna zela. Nire aitonaren abizena Aguirre zen, han jaio zen, baina ez daukat informazio gehiagorik. Araotzera joan nintzen behin, eta han kontatu zidaten hango abizena zela.

Haurtzaroko zein oroitzapen dituzu?

Ez daukat aitarik; hil egin zuten ni jaio baino bi hilabete lehenago. Nire ama gizon batekin ezkondu zen, baina etxean egoera ez zen ona. 8 urterekin, amak barnetegi batera bidali ninduen, eta mojekin ikasi nuen. Han bizi izan nintzen 17 urtera arte. Nire bizitza asko hobetu zen mojekin. Pertsona onak eta zuzenak ziren, eta asko lagundu zidaten garai hartan. 17 urterekin Medellinera joan nintzen bizitzera. Nire aitak seme-alaba asko izan zituen, eta Medellinen bi ahizpa nituen. Orduan ezagutu nituen. Medellinen nire lehen senarra ezagutu, eta bi seme-alaba eduki nituen.

Nolakoa da Chaparral?

50.000 biztanle inguru dituen herria da. Kolonbia erdialdean dago. Asko aldatu da; komertzio asko dauka. Bero egiten du, urtean zehar 30 gradutan mantentzen da. Zirimiririk ez daukagu han. Mendiz inguratuta dago.

Noiz eta zergatik etorri zinen Eskoriatzara?

Nire bikotekidea Internet bidez ezagutu nuen. Ni han nengoen; hura, hemen. Maitemindu egin ginen. Niretzat opari bat izan zen. 2019an etorri nintzen hona.

Erraz hartu zenuen erabakia?

Orduan nuen bizimoduagatik, bai. Aldaketa askoko bizitza eduki dut.

Zer gustatzen zaizu gehien Kolonbiatik?

Giroa. Nahiz eta diru askorik ez izan, ia beti pozik daude.

Eusten diezu hango ohiturei?

Etxeko lanak beti kolonbiar musikarekin egiten ditut: ballenatoa, saltsa, cumbia… Beti entzun eta dantzatzen dut, noski.

"Munduko paisaiarik onenak daude hemen; Urbia zoragarria da, edozein urtarotan"

Nolakoak zarete kolonbiarrak?

Mundu guztian gauza bera gertatzen da. Jende ona eta gaiztoa dago, baina, orokorrean, jendea ona, alaia eta langilea da. Hemen bezala.

Eta euskaldunak?

Langileak eta zuzenak. Asko gustatzen zait euskaldunek ohiturei zelan eusten diezuen.

Eskoriatzara iritsi zinenean, zer iruditu zitzaizun?

Niretzat paradisua da. Mendia oso gertu dago, eta aukera asko dauzkazu gauzak egiteko.

Hemengo eta Kolonbiako bizimoduak ezberdinak dira?

Han, adibidez, ez daukagu poteorik. Hona etorri nintzenean, harrituta geratu nintzen. Taberna batean tragoa eta pintxoa hartu nituen. Hurrengoetan, berriro, berriro eta berriro. 

Beste ezerk harritu zintuen?

Udan etorri nintzen. 22:00etan oraindik eguzkia zegoen, eta niretzat arraroa zen. Kolonbian oso goiz izaten da egunsentia; arratsaldean, zazpiak aldera ilun dago. Hemengo garbitasunak eta kalean komunak egoteak ere harritu ninduen. Nire herrian ez dago iturririk, baina ideia ona da.

Eta eguraldia? Esan duzu Chaparralen 30 gradu izaten direla.

Asko gustatzen zait hotza sentitzea. Bogotan ere bizi izan nintzen, eta han 13 gradu izaten ziren, agian. 2.300 metroko altueran dago. Ez dago berogailurik.

Bizikletan ibiltzea maite duzu; hemengo paisaiak zer iruditzen zaizkizu?

Han mendiko bizikletan ibiltzen nintzen, eta orain, errepideko bizikleta erosi dut. Munduko paisaiarik onenak daude hemen. Urbia zoragarria da, edozein urtarotan. 

Kolonbia ezberdin ikusten duzu hemen bizi zarenetik?

Nire ustez, hemen bizi izatea errazagoa da, segurtasunagatik eta aukera gehiago dauzkazulako. Kolonbian ez dago segurtasunik gaur egun. Egoera oso txarra da. Duela hiru urte joan nintzen, eta lehen baino segurtasunik eza handiagoa sentitu nuen. Lapurretak, hilketak, indarkeria… Lehen, kasu batzuk zeuden; gaur egun, gehiago.

Hona etorri zinenetik aldatu egin zara?

Momenturik onenean nago. Egonkor nago, nire seme-alabak hemen daude, maite dudan bikotekidea daukat. Horrek guztiak pertsona hobea izaten lagundu dit. 

Nongoa sentitzen zara?

Mundukoa naiz, ez zaizkit mugak gustatzen; baina hemen biziko eta hilko naizela uste dut.

Abestietatik euskara ikastera

Euskara ikastearen "errua" Mikel Laboak, Xabier Letek eta Benito Lertxundik daukatela dio: "Abeslari oso onak dira; haien musika oso polita eta sakona da. Baldorba kantua asko gustatzen zait. Ez dut inoiz entzun lurrari kantatu dion inor. Madarikatua hitza entzun eta zer den galdetu nion neure buruari".

Euskara ikasteko erronka

Abestiak ikasteko eta beharragatik ikasi zuen euskara. Elkarrizketa bera ere euskaraz egin du. Aretxabaletako euskaltegian hasi zen 2021ean. "A1 gainditu nuen, baina ez dakit nola", dio, barrez. Lanagatik, ordea, ezin izan zuen jarraitu, eta erorikoengatik ere utzi egin behar izan zuen. Hala ere, jarraitu egin zuen. Baja hartu behar izan zuen, eta Lazkaoko barnetegian euskara ikasteko aprobetxatu zuen. Lau hilabetez egon zen han. Lanera itzuli zenean, aste barruan joaten zen euskaltegira, eta zapatuetan Lazkaora. Duela hiru hilabete gainditu zuen B1 maila: "Ikastea gustatzen zait. Euskara hizkuntza polita da. Oso burugogorra naiz, eta, horregatik, niretzat erronka izan da ikastea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak