Bizitza erdia baino gehiago darama Jaqueline Dos Santosek (Rio de Janeiro, Brasil, 1985) Euskal Herrian. Duela 21 urte utzi zuen jaioterria, eta 7 urte daramatza Eskoriatzan bizi izaten. Tarte horretan, behin joan da bisitan Brasilera.
Nolakoa da Rio de Janeiro?
Handia da. Ezagutzeko bi modu daude. Bata turistena izan daiteke: hondartza, jaiak, Inauteriak. Bestea, bertakoena. Lana, goiz esnatu, bizpahiru autobus eskolara edo lanera joateko, trafiko handia… Lanera joateko autobusa eta ferrya hartu behar izaten nuen batzuetan. Beste bizimodu bat da. Hondartzara ere joaten gara lanetik bueltan, agian, baina, normalean, ez. Nire etxetik gertuen zegoen hondartza 40 minutura zegoen. Hondartza asko daude, baina turistentzat dira batzuk; guretzat, beste batzuk.
Nolakoa zen zure bizimodua hona etorri aurretik?
9 urterekin Sao Paulora joan ginen bizi izatera. Beste bizimodu bat zen. Lan gehiago geneukan, trafiko handiagoa. 16 urte nituenean, 04:00etan esnatzen nintzen institutura joateko. Autobusez 40 minutura zegoen, baina 05:50ean autobusa hartu behar nuen, hori galduz gero berandu iritsiko nintzelako. Institutuan atea ixten zuten 07:00etan, eta ezin sartuta geratzen zinen. Itzultzeko ere, trafikoa. Ordubete baino gehiago behar nuen etxera iristeko, eta etxeko lanak egiteko aprobetxatzen nuen autobuseko denbora. 14 urte nituenetik lan egin izan dut baita ere, etxean laguntzeko.
Noiz erabaki zenuen Brasil uztea?
2005ean; 21 urte daramatzat hemen. Ez nuen unibertsitatera sartzea lortu, eta Deban bizi den nire lehengusinak proposatu zidan hona etortzeko. Krisi garaia zen. Lana aurkitzea oso zaila zen, eta hona etorri nintzen.
Eskoriatzara, nolatan?
Deban, Donostian eta Tolosan ere bizi izan naiz. Tolosan ezagutu nuen gaur egun nire senarra dena. Arrasatekoa da, eta, azkenean, hona etorri nintzen duela zazpi urte.
"Gustura nago eta hemen ikusten dut neure burua; Brasil oporretako helmuga izan daiteke"
Euskal Herriarekin lehen kontaktua nolakoa izan zen?
Hiri batetik nentorren, bizimodu azkar batetik. Biztanle gehiago, pilaketak. Hori pixka bat faltan igartzen nuen, eta hiri handi batera noanean nostalgia sentitzen dut. Hemen oso ondo nago, eta buruak atseden hartzen du. Isiltasuna, mendia… Hirian beti zarata dago, isiltasuna etxean lortzen duzu. Hori ere baloratzen da. Bi inguruak gustatzen zaizkit.
Erraz ohitu zara hemengo bizimodura?
Hotza asko gustatzen zait; beroak ez dit onik egiten. Janaria hemen sinpleagoa da, baina garbiagoa. Ez da aldaketa handia izan. Nire etxean denetik prestatzen ditugu, hemengo eta hango errezetak. Feijoada [babarrunak] eta gaztazko ogia igartzen ditut faltan.
Ohitura ezberdinak ditugu?
Portugaldarrak etorri ziren Brasilera, eta gure ohiturak kendu zizkiguten. Ez daukagu gure ohiturarik. Portugalgo jaiak dira batzuk. Indiarrenak edota maienak ez ditut ezagutu. Hemen euskal kultura errotuta dagoela ikusten dut. Neu euskal dantzetan ibili nintzen, Gorosarrin. Oso momentu ederra izan zen. Lanagatik utzi behar izan nuen.
Arrazakeriarik bizi izan duzu?
Eskoriatzan ez, baina Euskal Herrira etorri nintzenean, une eta leku batzuetan bai. Pertsonen eta horiek dituzten aurreiritzien araberakoa da. Brasilen ere atzerritar asko dago, eta nik ere pentsatzen nuen Brasilera etortzen zen eta ikasi nahi ez zuen pertsona hori nik hartu nezakeen lanpostu bat betetzen ari zela. Horregatik, saiatzen naiz hemen kultura errespetatzen, hizkuntza ikasten, eta gauzak ondo egiten. Bat gehiago izan nahi dut, eta bat gehiago bezala jokatu behar dut. Nik egokitu behar dut, ni etorri naiz; Brasilen biziko banintz, besteek hori egitea gustatuko litzaidake.
Zer eramango zenuke Euskal Herritik Brasilera?
Herri askotan antolatzen den Munduko Janariak ekimena. Ez beste kultura batzuk bakarrik ezagutzeko, Brasilen bertan, bizi zaren tokiaren arabera, oso ezberdin jaten da eta.
Etorkizunean zer gustatuko litzaizuke, Eskoriatzan bizitzen jarraitzea ala itzultzea?
Momentuz, gustura nago, eta hemen ikusten dut neure burua, eta Brasil oporretako helmuga izan daiteke. Erretiroa hartzen dudanean, beste kontu bat izango da; ikusiko dugu; kar-kar.
Euskara ikastea, aberastasuna
Etorri zenean erabaki zuen euskara ikasten hastea, nahiz eta zenbait unetan, laneko ordutegiagatik, ezin eskoletara joan. Eskoriatzan bertan Berbalagun programan hartzen du parte. Aitortu du euskaraz gaztelaniaz bezain ondo hitz egin nahi duela, euskara Euskal Herriko kultura delako eta hemen bizitzen jarraitu nahi duelako. Jarrerarik ez zaio falta, eta elkarrizketa osoa euskaraz egiten saiatu da: "Zergatik ez lagundu kultura honek jarraipena izan dezan? Ez da euskaldunei bakarrik laguntzeko. Nire bizimodua hobetzen du edozein lekutan, bi hizkuntzatan nahi dudana ulertu dezakedalako. Horrek niri kultura aberastasuna ematen dit. Hizkuntza polita da".
Euskaldunak, umilak
Euskaldunak nolakoak diren galdetuta, "galdera tranpa" dela dio, barrez: "Euskaldunak pertsona umilak dira, eta, askotan, ez dute duten potentzial guztia erakusten, ez dutelako beharrezko ikusten. Zerbait egiten baldin badakite egiten dute, baina ez dute harrotasunik erakusten".