Beste urte batez, Eskoriatzako udalak bonuen kanpaina abiaraziko du. Irailaren 7an hasiko da, Eskoriatza bizirik lelopean, eta iazkoaren formatu bera jarraituko du. Udalak jakinarazi du kanpainaren helburuak jarraitzen duela izaten "tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartzea, herritarren erosketak sustatuz eta familiei laguntzen".
1.000 bonu
Guztira 1.000 bonu jarriko ditu salgai Udalak herritarrentzat. Bonu bakoitzak 30 euroko balioa izango du eta bost euroko sei zatitan banatuta egongo da. Udalak jakinarazi duenez, erosleak 30 euro horietatik 15 bakarrik ordainduko ditu; alegia, erdia. Bonuen kostuaren gainontzeko erdia Udalak ordainduko du. Hori dela eta, bonuen kostuan "15.000 euroko inbertsioa" egingo du Eskoriatzako Udalak.
Eskoriatzako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu lokaletako erosketetan erabili ahal izango dira bonuak. Loterian, apustuetan, farmazietan eta estankoetan erosketak egiteko, berriz, ez dira onartuko. Udalak jakinarazi du bonuen kanpainan parte hartzen duten herriko komertzioek kanpainari lotuta dagoen Eskoriatza bizirik leloaren ikurra jarriko dutela dendan bertan, herritarrak kontura daitezen zeintzuk diren kanpainara lotutako establezimenduak.
Udaletxean salgai
Kanpainako bonuak irailaren 7tik aurrera eskuratu ahalko dira, udaletxean, honako ordutegi hauetan: irailaren 7tik 10era bitartean –astelehenetik eguenera–, goizez 10:00etatik 13:00etara bitartean eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara bitartean; irailaren 11tik aurrera, berriz, astelehenetik ostiralera eskuratu ahalko dira, goizez, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Ordainketak kreditu txartel bidez bakarrik onartuko dira.
Bonuak baliozkotzeko epeak urriaren 31ra arte iraungo du; hortik aurrera, Udalak dio "baliogabetu" egingo direla eta ez dela "dirurik itzuliko". Kontsumitzaile gisa parte hartzeko baldintzak dira herrian erroldatuta egotea eta gutxienez 18 urte izatea. Baldintzak betetzen dituen pertsona bakoitzak bonu bat erosteko aukera izango du bere nortasun agiri zenbakia edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia aurkeztuta.
Parte hartzeko gonbidapena
Herriko komertzioei eta lokalei bonu kanpainarekin bat egiteko dei egin die Udalak. Ekimenean parte hartu nahi duten establezimenduek irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean izango dute izena emateko aukera –udaletxean egin beharko dute hori–. Kanpainara batzen diren komertzioek Eskoriatza Bizirik leloa erakutsi beharko dute. Kanpainaren inguruko informazio zehatzagoa nahi izanez gero, edo zalantzarik izanez gero, Udalak eurekin harremanetan jartzeko eskatu du, 943 71 44 07 telefonora deituta edo hazi@eskoriatza.eus helbidera idatzita.