HEMEN DEBAGOIENA

Kasia Poplonikowska: "Asko baloratzen dut identitatea duen jendea, eta euskaldunok baduzuela uste dut"

Goiatz Arana Begiristain 2026ko uztailaren 15a

Poloniar jatorriko eskoriatzarra da Kasia Poplonikowska. Inoiz ez zuen bere herrialdetik irteteko asmorik izan, gaur egun bere senarra dena ezagutu zuenera arte.

Poloniako Wrzaca herrian jaio zen, 1980an, eta bertan bizi izan zen, lan egitera Wroclaw hirira joan zenera arte; denden itxura bisualaz eta produktuen kokapen estrategikoaz arduratzen zen. Bertan ezagutu zuen Unai Beitia, Mondragon Taldetik lanera joandako eskoriatzarra.

Nola oroitzen duzu haurtzaroa?

Haurtzaro erabat zoriontsua izan nuen Wrzacan, oso oroitzapen onak ditut. Etxalde batean jaio nintzen, eta bertan bizi nintzen gurasoekin, aitona-amonekin eta nire bi anaiekin. Gure etxea zen familiako etxea balitz moduan: izeba-osaba eta lehengusu-lehengusina asko ditugu, eta bertan elkartzen ginen denok, festak ospatzeko, oporrak pasatzeko... Naturaz eta animaliaz inguratuta geunden, eta herria bera ere txikia eta segurua zen, 300-400 biztanle inguru zituen.

Herritik hirira, eta handik beste herrialde batera...

Nire senarraren lanarengatik etorri ginen; itzuli beharra zuen. Hura eskoriatzarra da, baina kuadrilla gehiena Aretxabaletan zuen, eta hara joan ginen bizi izatera. Haurrak txikiak ziren –zaharrenak bi urte eta erdi zituen; eta gazteenak, bi hilabete–, eta lehen urtea ez zen erraza izan, egunero egiten zuen euria! Gogoan dut jendeak komentatzen zuela bazirela 40 urte hainbeste euri egiten ez zuela. Lagunek halako egunetan joateko moduko lekuak erakutsi zizkidaten –asko lagundu zidan horrek– eta, ondoren, haurtzaindegitik ezagututako beste ama batzuekin harremana egin nuen. 

Eta zer dela-eta gero Eskoriatzara?

Niri betidanik gustatu izan zait Eskoriatza, baserri-giro handiagoa dago hemen, eta, arkitektura aldetik ere, urte askotako etxeak daude, historia dutenak. Polonian halako gutxi daude, izandako gerrengatik, eta niri izugarri gustatzen zaizkit. Gainera, paisaia zoragarria da, jendeak elkar ezagutzen du, giro ona dago, nire senarraren herria da... eta, azkenean, bertara etortzea erabaki genuen. Aretxabaletako lagunekin mantentzen dugu harremana, eta hemen ere egin ditugu.

Nolakoak gara euskaldunak?

Galdera ona; kar-kar. Distantzia jartzen duzue, denbora behar duzue konfiantza hartzeko, baina, behin hori eginda, ez dago lagun hoberik, benetan diot. Nire esperientziak oso onak izan dira.

Zer gustatzen zaizu gehien hemendik?

Asko baloratzen dut identitatea duen jendea, eta uste dut euskaldun-euskaldunok baduzuela. Tradizioa, hizkuntza, familia... oso aintzat hartzen dituzue, eta nik ere, antzeko etxe batetik natorrenez, esango nuke hori nahi nuela. Geografia ere bai: hamar minutuan mendian nago; ordubetean, hondartzan... Horrelako leku gutxi daude munduan. Zortea dugu!

Eta zer igartzen duzu faltan Poloniatik?

Familia, pertsonak. Posible balitz eurak hemen bizi izatea edo leku hau hara eramatea, dena izango nuke.

"Bateko eta besteko kultura izateak aberatsago egiten ditu gure seme-alabak"

Baduzu harremana Debagoienean edo inguruan bizi diren beste poloniar batzuekin?

Eskoriatzan neska bat bizi da, Aretxabaletan mutil bat... baina hemen inguruan ez daude asko. Hiriburuetan gehiago daude, eta harremana daukagu, adibidez, Polonian gure etxe ondoan bizi zen eta gaur egun Donostian dagoen bikote batekin.

Noiz izan zinen Polonian azkenekoz?

Saiatzen gara urtean behin, gutxienez, joaten: oporretan beti joaten gara, eta, bi urtez behin, Gabonetan ere bai. Aurten, bietan joatea tokatzen zaigu.

Hotz egingo du han neguan...

Azken neguan, zero azpitik 30 gradu izan dituzte! Baina hotza askoz ere gehiago sentitzen da hemen, hezetasunarengatik: behin, Gabonetan, zero azpitik zazpi gradu zeudela atera ginen handik, baina, ondo jantzita, ez genuen hotzik sentitzen; Loiura iristerakoan, zeroz goitiko tenperatura zegoen –zazpi gradu–, baina hotz sentsazioa askoz ere handiagoa zen!

Egunen baten itzuliko zara hara bizitzera?

Ez daukat ideiarik ere. Gaztea nintzenean, ez nuen inoiz pentsatuko Poloniatik joango nintzenik, eta begira! Bizitza aldatu egiten da, eta gerta daiteke egunen baten berriz aldatzea ere. Baina hemen oso ondo gaude, ez zaigu ezer falta, haurrak zoriontsu dira eta gu ere bai; ez gara horrelakorik pentsatzen ari.

Zer saiatzen zara transmititzen umeei Poloniari buruz?

Denetarik. Bai hizkuntza, baita ohiturak arte: irakurketa, janaria... Aukeraren bat ikusten badut, saiatu egiten naiz. Bateko eta besteko kultura izateak aberatsago egiten ditu. 

Euskara ikastea, epe motzeko helburu

Saiatu da euskara ikasten, baina ez du lortu, oraingoz. Gogoan du ezkontza-egunean –Polonian ezkondu ziren–, hemendik joandako jendeari keinu bat egin nahian, botoak euskaraz esan zituztela eta izugarri kostatu zitzaiola. "Eta irakurri egin nituen, pentsa!", erantsi du. Gaur egun, senarrak haurrei euskaraz egiten dienez, badoa ulertzen pixkanaka, baina esan oso gauza gutxi esateko gai dela dio, eta haren nahia dela epe motzean heltzea horri. Gure hizkuntzak eta polonierak antzekotasunik duten galdetuta, ezetz dio; edo, hobeto esanda, gauza batean baietz: "Munduko hamar hizkuntza zailenen artean daudela biak, horixe", eta anekdota bat kontatu du: "Gogoratzen dut, etorri berritan, entzuten nuela polaco-polaco edo antzerako hitz bat, eta pentsatzen nuela niri buruz ari zirela hizketan, baina uste dut poliki-poliki esaten zutela; kar-kar".

Seme-alabekin polonieraz egiten du eta senarrarekin ere bai, hark ikasi zuelako: "Zortea daukat, alde horretatik, ez delako erraza jaioterritik urrun ama-hizkuntza egin ahal izatea etxean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak