Mendiolako alkate Aitzol Madinabeitiak eta Mazmelako alkate Iban Diazek egin dute agerraldia auzotarrek Uraren Euskal Agentziatik jaso dituzten jakinarazpenen berri emateko. Mendiko uraren erabilera neurtzeko kontagailuak jarri behar dituztela azaltzen zaie idatzi horietan eta Uraren Kanonaren berri ematen zaie. Ulertzen ez dutena da zergatik ordaindu behar duten mantentze-lan guztiak bizilagunen kargu badira.
Uraren Euskal Agentzian Eskoriatzako Elizateetatik egindako kexaren jakitun dira. Azaldu dute ustiapen-eskubideen erregularizazioa egiten ari direla eta azpimarratu dute jatorria edozein dela ere hartutako urak baldintza batzuk bete behar dituela oreka naturala mantentzeko eta urak ondasun komun eta jasangarria izaten jarrai dezan. Legez ezarritakoa betearazten ari direla gehitu dute eta funtsezkoa dela neurriak hartzea "ekosistemak kontserbatzeko, guztiondako ur nahikoa bermatzeko eta biodibertsitatea zein uraren oreka naturala zaintzeko".
Desinformazioa salatzen dute
Eskoriatzako elizateetako bizilagunen ustez, ordea, desinformazioa da nagusi. Elizateetan, esaterako, auzotar batzuek jarrita dauzkate kontagailuak eta Uraren Kanona ordaintzen hasiak dira. Beste batzuek, aldiz, oraindik ez.
Eskoriatza ez da kasu isolatua eta Errezil moduko herrietako ordezkariekin kontaktuan dira Elizateetako ordezkariak. Erabaki dute egoera publikoki salatzea; izan ere, Uraren Euskal Agentziatik oraingoz jasotako erantzunarekin ez daude konforme. Bilera bat lortzea dute helburu, eta, horrekin batera, beste herri batzuekin elkartu eta salaketa bateratua egitea.