Atzo, astelehena, aurkeztu zuen Oihana Aranak bere bigarren poema-liburua: Zerua Hemen. Duela bost urte, 2021ean, Lazunak azkazaletan izenekoa argitaratu ostean, poesia munduan murgilduta ibili da Arana, eta, bere esanetan, lan berri honek idazketa "kontzienteagoa" du: "Ezjakintasun eta ausardia handiarekin idatzi nuen lehenengo liburua, bigarren hau, ordea, salto bat izan da nire poesian; garbi neukan egin nahi nuena, eta emaitza hortik gertu dago".
Aitaren heriotzaren osteko dolua abiapuntu hartuta, gertaera horren osteko pare bat urteko bizipenen kronika jasotzen du liburuak, tristuratik pozerako, eta hiritik landa-eremurako bidaia bat proposatuz. "Eguneroko bizitzaren inguruko liburu bat da, noizean behin dolura eta minera itzultzen dena; ez da doluari buruzko liburu bat", azaldu du Aranak.
Udal liburutegian egindako aurkezpena, errezitaldi txiki batekin hasi zuen Aranak. Ondoren, Aitziber Aranburuzabala kazetariarekin batera aritu zen solasean, lan horren inguruko galderei erantzunez; azkenik, beste errezitaldi bat egin zuen. Guztira, ia 40 lagun bertaratu ziren liburutegira, eta behin aurkezpena amaituta, txaloz saritu zuten idazle gaztea. Momentuz, liburua "harrera ona" izaten ari dela gaineratu zuen Aranak; gainera, liburutegian salgai jarritako ale gehienak agortu ziren.
GOIENAk antolatuta
Liburu aurkezpena posible izateko, bere aletxoa jarri du GOIENAk. Euskal kulturan eragiteko eta sustatzeko helburuarekin, Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin batera antolatu du ekitaldia. GOIENAko lehendakaria den Monika Belastegiren hitzetan "garrantzitsua da Debagoieneko euskal idazleen lanei zabalkundea ematea", horregatik horrelako liburu aurkezpenak ere antolatzen ditu GOIENAk noizean behin, herrietako beste eragile batzuekin elkarlanean.
Gauzak horrela, aurkezpenaren amaieran, Goienakideek zertxobait merkeago, eta Oihana Aranaren sinadurarekin eraman ahal izan zuten etxera, Zerua Hemen liburua.