"Udal Gobernua eratu zenean, talde feministarekin elkarlanean ikusi genuen kezkatuta geundela gai batzuen inguruan", adierazi du Berdintasun zinegotzi Irati Iglesiasek. "Eta horregatik erabaki genuen Berdintasun Plana eratzea", gehitu du. Emun aholkularitza-enpresarekin harremanetan jarri ziren lehenengo, eta berdintasun diagnostiko bat egin herrian. Diagnostikoak Eskoriatzako errealitatea eta arlo horretako erronkak "sakonetik ezagutu eta batu zituen", zinegotziak dioenez.
Plan horrek jasotzen ditu "datozen urteetarako helburuak eta konpromisoak zeintzuk diren eta zer ekintza egingo diren. Epeak ezarrita daude, baita zeintzuk izango diren ekintzak eta zeinek egingo dituen", esan du.
Ondorio nagusiak
Diagnosi batetik abiatu zuten hori guztia, eta bertan ondorioztatu zuten "Eskoriatzako kezkak gaur egun gizartean dauden kezka berdintsuak direla, hala nola zaintzaren, maskulinitatearen edota aisialdiaren ingurukoak. Azkenean, gai askori lotutako arrakalak daude, eta horien gaineko kezka orokorra da".
Diagnosian jasotako kezketatik, hainbat "lan-ildo" ezarri dituzte planean. Iglesiasek dio herritarrentzat interesgarriak izan daitezkeenak direla "ahalduntze feminista, gizarte berdinzaleagoa eta indarkeria matxistarik gabeko gizartea sortzea". Horiekin lotutako lanen artean zehaztu dute "emakumea feminismora hurbiltzea, kirol arloko gizarte-ereduak aztertzea eta bestelako hainbat gai lantzea", zinegotziak adierazi duenez.
Herri osoarentzako plana
Iglesiasek nabarmendu du berdintasuna ez dela "emakumeen kontua" soilik, eta, hortaz, "herritar guztiei" dagokien "eginbehar eta ardura partekatua" dela. Era berean, zinegotziak jakinarazi gura izan du "prozesu parte-hartzailea" izan dela, eta herritarrekin elkarrizketak egin eta galdetegietako erantzunak jasota osatu dutela plana. Hala, eskerrak eman dizkie "hausnartu, partekatu eta proposamenak egitera joan diren herritar eta elkarte guztiei".
Udalak adierazi du "lehenengo plana dela eta gauzak lurreratzen hasteko eta benetan egingarriak diren neurriak jasotzeko ahalegina" egin dutela. Hala ere, errealitatea "bizia eta aldakorra" dela diote, eta, "plana lanerako tresna gisa ulertzen denez, egunerokoan agertzen diren erronka berriei ere ahalik eta modurik eraginkorrenean erantzuten" saiatuko direla jakinarazi dute.