HEMEN DEBAGOIENA

Daniel Bell: "Ingelesa naiz, baina egia da daukadan errutina euskalduna dela"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 25a

18 urte zituenetik bizi izan da etxetik kanpo, eta duela urte eta erdi heldu zen Eskoriatzara.

Espainiar Filologia eta Portugaldar Filologia ikasketak ditu Daniel Bellek (Bewdley, Erresuma Batua, 2001), eta duela urte eta erdi etorri zen Eskoriatzara, haren bikotekidea bertakoa delako.

Nolakoa da Bewdley?

Worcestershire konderrian dago. Herri txikia, zaharra eta polita da. Hainbat mendetako nahasketa dago. Arkitektura ere modernoa eta zaharra da. Tradizionala da. Ohiko herriko dendak daude: harategiak, arrandegiak… Eskoriatzaren antzekoa da. Gu ez gara pisuetan bizi, etxeetan bizi gara. Handik pasatzen da Severn ibaia; Erresuma Batuko luzeena. Nire herriko gauzarik famatuena zubia da. Ez dakit noiz eraiki zen, baina turistak zubia ikustera etortzen dira.

Nolako bizimodua zeneukan Eskoriatzara etorri aurretik?

Bristolen ikasi nituen Espainiar Filologia eta Portugaldar Filologia. 18 urte nituenetik etxetik kanpo bizi izan naiz. Ez dut gogoan nolakoa zen nire bizimodua. Batxilergoa ere hirian ikasi nuen. Joaten nintzen lagunekin egotera, baina nire egunerokotasuna ez zegoen herrian.

Zergatik amaitu duzu Eskoriatzan?

Nire bikotekidea hemengoa delako. 2021ean ezagutu genuen elkar, Sevillan bizi nintzenean. Harremana distantzian hasi genuen. Bilbon geratu ginen hasiera batean, eta ikusi nuen inguru hauek oso ezberdinak direla. Sevillan bero egiten zuen; hona iritsi, eta elurra ari zuen. Suitza zirudien. Gustatu zitzaidan, Ingalaterran bizitzea bezala zen. Nire herrialdera itzuli nintzen, gradua amaitzera, eta gero, masterra egin nuen, Madrilen. Eskoriatza gustatzen zitzaidan, pare bat aldiz etorri nintzelako. Nire bikotekidearen lagunak eta familia ezagutu nituen, eta haren errutina. Hemen bizi nahi nuela esan nuen. Madrilgo pisua utzi egin behar izan nuen, eta, beste pisu baten bila hasi beharrean, Eskoriatzara etortzea erabaki nuen.

Ondo hartu zaituzte hemen?

Bai; lehendabiziko egunetik jendeak agurtu egiten nau, nire bizitzagatik galdetzen dit eta ezagutu egin nahi naute. Madrilen bakarrik nengoen, eta hemen, nire amaginarrebak kozinatzea, kozinatzen eta kultura irakastea, kalera atera eta nire bikotekidearen lagunak ezagutzea ederra da. Ogia erostera joan eta jendeak agurtu egiten zaitu. Komunitate sentsazioa gustatzen zait; Madrilen eta Ingalaterran ez da existitzen. Besoak zabalik hartzen zaituzte berehala. Itxiak zaretela esaten dute, baina bizi izan dudana ez da hala izan.

"Ez naiz kanpotik bakarrik etorri. Ez da egoera berbera izan. Zortea izan dut"

Bazenuen Euskal Herriaren berri?

Ez, eta euskararena ere ez. Batxilergoan nire irakasle bat Iruñekoa zen eta nire ikaskide batzuek galdetu zioten hitzen bat euskaraz nola esaten zen. Baina nik ez nekien zer zen. Unibertsitatean ere ez genuen ikasi. Ez dakit Euskal Herria eta euskara noiz deskubritu nituen.

Zerk harritu zintuen hemen?

Paisaiak. Txundituta geratu nintzen. Bilbora hegazkinean leihoaren ondoko eserlekuan etorri nintzen. Kanpora begiratu, eta oso polita zen guztia. Baserriak ikusten ziren, mendiak, animaliak… Dena mendiak inguratzen du.

Erraza izan da egokitzea?

Uste dut baietz, baina nire egoeragatik. Nire bikotekideak lagun asko ditu, eta aisialdian ere gauza asko egiten ditu. Familia ere hemen dauka; hortaz, ni egokitu naiz haren bizimodura. Ez naiz kanpotik bakarrik etorri. Ez da egoera berbera izan. Zortea izan dut. Gainera, Arrasateko sanjuanak baino astebete lehenago etorri nintzen. Astebetera, sanpedroak. Jendea ezagutzeko modu hoberik ez dago.

Badago ezberdintasun kulturalik?

Kalean bizitasun handia dago. Ez da ezer txarra. Kalera atera, eta badakizu plana eta jendea egongo dela. Hori asko gustatzen zait, eta hori da ezberdintasun handiena.

Mantentzen duzu hango ohituratik?

Pancake day delakoa ospatzen dugu. Garizuma hasi aurreko martitzenean krepeak egiten ditugu. Ideia da Garizuma aurretik etxean dauzkazun gauza txarrak jatea, azukrea.

Zer igartzen duzu faltan?

Familia eta lagunak. Egia da janari-marka batzuk ere igartzen ditudala faltan. Txokolatea hemen ez da berdina; kar-kar.

Zer gustatzen zaizu Eskoriatzatik?

Jendea eta festak. Dantzak, musika, txaranga, banda, euskal dantzak... Hemengo kultura eta ekintzak.

Nongoa sentitzen zara?

Ingelesa naiz, baina egia da daukadan errutina euskalduna dela. Batzuetan, kexatu egiten naiz nire herrialdean gauzak modu batera egiten ditugulako eta hemen beste batera.

Iritsi, eta euskara ikasten

Espainiar eta portugaldar filologoa da Bell, baina hemen ingeles irakaslea da. Ez zekien euskara existitzen zenik ere, baina iritsi bezain laster hasi zen ikasten, eta A1 titulua atera zuen: "Asko gustatu zitzaidan esperientzia. Irakaslea naiz eta esfortzu handia eskatzen du hizkuntza ikasteak, baina gustatu egin behar zaizu. Sekulako irakaslea neukan. Euskal kultura eta historia ere ikasi genuen". Hala ere, aurtengo ikasturtean, ordutegiagatik, ezin izan du izenik eman. Hala ere, ikasten jarraitzea gustatuko litzaioke.

Euskara ikastearen zailtasuna

Euskara erraz ikasi duen galdetuta, azpimarratu du filologoa dela, eta, horregatik, hizkuntzetan "trebea" dela dio. Hala ere, euskara ikastea aldi berean zaila eta erraza izan dela aitortu du: "Gramatika ulertzen dut. Hasieran, irakurtzen duzu, eta ezberdina dela ikusten duzu. Nik hizkuntza erromanikoak ikasi ditut, baina euskararekin beste era bateko gramatika ikasi dut. Zaila izan da, baina atsegina. Ez dakit nola azaldu. Asko gustatu zait".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak