Gipuzkoako Beste Puntakuok plataforma aurkeztu dute Eskoriatzako Ibarraundi museoan egindako agerraldi batean. Debagoieneko hainbat taldek osatzen dute plataforma berria, eta aurkezpenean azaldu zutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak autobidea egiteagatik lehengo Vasco-Navarro trenbidearen birgaitzearen inguruan agindutakoak betetzea da plataformaren helburu nagusia. "Agindu hartan, autobidea egitearen neurri konpensatorio gisan, besteak beste, lehengo Vasco-Navarro trenbidearen birgaitzea jasotzen zen, bidegorri gisara. Geroztik, proiektua eginda dago, 2007an egin zen, baina ez da burutu" azaldu du plataformako kide Jon Errastik.
Aspaldiko kontua
Aurkezpenean azaldu dutenez, 1998tik datorren kontu bat da trenbide zaharraren birgaitze eskakizuna. Urte hartako apirilaren 6an Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak argitaratutako adierazpen baten irakur daitekeenaren arabera, Gasteiz-Eibar autobidearen trazatua gauzatzeko baldintzetako bat trenbidearen birgaitzea zen: “Ferrocarril Vasco Navarro zeritzonaren trazaduraren balorizazioa Landa-Mekolade tartean". Adierazpen horrek epeak ere aipatzen zituen: "Birbalorizatzeko proiektu hori eta autobidearen tarte desberdinei dagokiena denbora eta espazioaren aldetik batera burutzen saiatuko da ahal den neurrian, autobideari dagozkion lanei eta lehengo trenbidearen trazadurako birjasotzekoei amaiera ematen zaienetik ezin izango dela urte bateko berandutza baino gehiago izan".
2009ko maiatzaren 22an inauguratu zen autobidearen azken zatia, eta horrenbestez, 2010erako bukatuta egon beharko zen bidearen birgaitzea, baina plataformatik adierazi dutenez oraindik ez da ezer egin. Errastiren arabera, Aldundiak zerbait egiteko asmoa zuela nahiko modu errepikakorrean agertu izan da prentsan, baina bakar batean ere ez du hitza bete. 2007an egiten da lehen aipamenetako bat, proiektua eginda zegoela esateko, eta 6 milioi eta erdiko balioa zuela azaltzeko, baina, proiektu horren inguruan ez da albiste gehiago izan. Azken urteetan ere egin zaio aipamena proiektuari. 2022an esaterako Europako Next Generations funtsen bidez proiektua gauzatuko zutela azaldu zuen Aldundiak, baina kasu honetan ere ezerezean gelditu zen birgaitzea. Aldundiak proiektuari egindako azken aipamena urte honetan bertan izan da, baina, beste behin, ez da inora heldu.

Udalarekin harremanetan
Gipuzkoako Beste Puntakuokeko kide Julen Ezeizak azaldu duenez, Eskoriatzako Udalarekin harremanetan daude, eta bide horretatik jakin dute Aldundiak urtarrilaren 30erako txosten bat bidaltzeko asmoa zuela, baina, oraindik ez da txostenik heldu: "Udalarekin harremanetan jarri ginen eta alkateak esan zigun urtarrilaren 30erako eguneratutako txosten bat aurkeztuko ziotela. Martxoan gaude eta oraindik ez dute aurkeztu". Txostenaren zain jarraitzen dutela azaldu du: "Txostenaren zain gaude, azaldu zigutenagatik, txosten horren arabera erabaki ezberdinak hartuko dira eta".
Debagoienera zabaltzeko asmotan
Plataformak Eskoriatza du abiapuntu, baina, gaia ahal bezain beste gizarteratze aldera, herriko mugetatik kanpoko eragileen atxikimendua bilatu dute. Momentu, 32 dira plataformari babesa erakutsio dioten taldeak, gehienak Leintz Bailarakoak. Hala ere, eragile gehiagoren babesa bilatu nahi dute, eta proposamena Debagoieneko gainontzeko herrietara ere hedatzeko asmoa dute, plataformari eskualde izaera bat emanaz. errastik dioenez, bailarako gainontzeko udalekin ere harremanetan jartzeko asmoa dute: "Hitz egin beharko dugu, baina badugu asmoa udal ezberdinetan mozioak aurkezteko, udalek ere bat egin dezaten aldarrikapen honekin".
Hauek dira Gipuzkoako Beste Puntakuok plataforma babestu duten elkarteak: Dorleta Txirrindulari Elkartea,Toki Eder Elkartea, Gatzako Sorginak, Gurel Guraso Elkartea, Gatzacitycrew, Gatza Trail, Eskoriatza Kirol Elkartea, Atxorrotx Kultur Elkartea, Koldotxo Luis Ezeizako Guraso Elkartea, Mokil Mazo Samalda Txistulari Elkartea, Gorosarri Dantza Taldea, Eskoriatzako Zapatistak, Eskoriatzako Feministak, Aixtroki Arkeruak, Itzartu Gazte Asanblada, Club Karate Atama Eskoriatza, UDA Kirol Elkartea, Ikazkin Trail, Murruxiko Mendi Taldea, Atxabaltako Txistularixek, Troxka Dantza Taldea, Kurtzebarriko Guraso Elkartea, Basotxo Jubilau Elkartea, Udalaxpe Txistulari Elkartea, Arrasate Rugby Taldea, Besaide Mendizale Elkartea, Mondraitz Kirol Kluba, Arrasate Eskubaloi Taldea eta Mondra Futbol Taldea.