Igogailu publikoa jartzeko lanak hasi dituzte, San Pedro auzoa irisgarriago egiteko

Imanol Beloki Unamuno 2026ko otsailaren 13a

Igogailua jarriko duten eremua eta planoa.

Eskoriatzako Udalak aste honetan hasi ditu San Pedro auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak. Udalak aurrekontuak onartu zituenean esan zuen proiektu hori izango zela lehentasuna, beste lan batzuen aurretik. Hori horrela, San Pedroko 11. eta 12. atarien artean igogailu publikoa jartzen hasi dira. Helburua da bi mailen arteko aldapa errazagoa egitea, auzoko bizilagunek oinez ibiltzeko dituzten zailtasunak murrizteko eta joan-etorriak erosoagoak izateko.

San Pedroko eremu hartan aldapa handia dago, eta, eskailerak egon arren, Udal Gobernuak beharrezkotzat jo du igogailu bat jartzea; bereziki, bertan bizi diren bizilagunen egunerokoa errazteko. Izan ere, Edorta Zubizarreta Eskoriatzako alkateak azaldu duenez, "eremu hartako bizilagunei bizimodua" erraztu nahi diete, "adineko jende dezente bizi delako bertan". Gaineratu duenez, auzotar askok Apotzagako aldapa hasten den eremutik egiten dituzte joan-etorriak, eta bustita dagoenean arriskutsu egoten dela gaineratu du.

Igogailuaren ezaugarriak

Igogailua gaur egun dagoen gune txiki berdean kokatuko dute. Gune berria, gainera, elementu natural berri bat izango balitz bezala azaldu nahi du Udalak, inguruarekin bat egiten duena. Izan ere, igogailuaren estaldura eta pasabidearen baranda beirazko azal bat izango da, eta bertan baso baten serigrafia eramango du.

Igogailua lehendik dagoen eskaileraren ondoan atxikita joango da eta makina-gelarik gabeko igogailu elektrikoa izango da, sistema moderno eta eraginkorra izango duena, espazioaren aprobetxamendu hobea eta mantentze-lan erraztuagoak ahalbidetuko dituena. Gehienez 1.250 kiloko karga onartuko du; hau da, 16 pertsonarentzako edukiera izango du.

Igogailuak gehienez 1.250 kiloko karga onartuko du; 16 pertsonarentzako edukiera izango du

Igogailuak bi geltoki izango ditu, eta haren abiadura metro bat segundokoa izango da, erabilera eroso eta arina bermatzeko. Kabinako eta solairuetako ateak, berriz, automatikoak izango dira, erabiltzaileen erosotasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Jarduketa-eremuak 197 metro karratu hartzen ditu, eta zoladura, barandak eta argiteria ere berrituko dituzte.

Sei hilabete

Proiektua Elgoibarko Arkhiru Arkitektoak enpresakoek garatu dute eta obrek sei hilabete irautea aurreikusten da. Jarduketaren aurrekontua, berriz, 223.522,14 eurokoa da. Egin beharrekoak amaitutakoan, auzoko irisgarritasuna nabarmen hobetzea espero du Udalak, bertako bizilagunen ongizatean eragiteko. Lanek irauten duten bitartean sortzen diren eragozpenak ahalik eta txikienak izateko ahalegina egingo dela adierazi du Udalak. Hala ere, bizilagunei pazientzia eskatu diete, obrengatik sor daitezkeen endredoengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak