Luis Ezeizako zuzendaria den Maitane Gomez de Segura Ceciagak, Koldotxo Guraso Elkarteko Mercedes Sosak, eta Goieskolako lehendakaria den Itziar Arregik, Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren bigarren jaia aurkeztu zuten, atzo, hilak 27, Luis Ezeiza Herri Eskolan. Eskolako zuzendariak azaldu zuenez, jaiaren helburua, ondo pasatzeaz harago, Eskola publikoa "bultzatzea, indartzea eta aldarrikatzea" da, eta helburu horrekin hasi ziren Goieskola osatzen duten guraso elkarteak 2024an jaia antolatzen.
Guztientzako jaia
Adin guztientzako ekimenak antolatu dituzte; txikienetatik hasita, Potx eta Lotxen ikuskizuna, erraldoi eta buruhandiak edota puzgarriak egongo dira. Nerabeentzako berriz, kirol txapelketak eta kontzertuak antolatu dituzte –Babesgabe, Perlata, 4D/49, Alarma Morea eta Etxepe–. Helduagoentzat, ostera, gimnasia erritmiko eta tela akrobazia erakustaldiak, tailerrak eta elkarteen azokak prestatu dituzte. Jende guztia batzeko, Herri bazkaria, Aliritzi erromeria eta Ad Libitum txaranga ere izango dira. Hori guztia ahalbidetzeko, inguruko herrietatik autobusak eta lanzaderak jarriko dira.
Luis Hezeizako Koldotxo Guraso Elkartean antolakuntza lanean aritu den Rebeca Romerok aitortu zuenez, lan handia egon da atzetik baina jai handia iristeko "gogoz" daudela ere esan du: "Taldeka antolatu gara, batzuk bazkariaren antolakuntzaz arduratu dira, beste batzuk kontzertuez. Sekulako lana egin dugu eta ilusioz gaude jairako, ea dena ondo irteten den".
Goieskolaren saretzea "sendotzeko"
Goieskola Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren proiektu bateratua da. Gaur egun, Debagoieneko bederati herrietako ikastetxeek osatzen dute Goieskola: Eskoriatza eta Leintz-Gatzagako Luis Ezeiza herri ikastetxeekin batera; Aretxabaletako Kurtzebarri eta Kurtzebarri DBH; Arrasate Herri Eskola, Arrasate Institutua eta Helduen Hezkuntza Iraunkorra; Oñatiko Urgain Herri Eskola eta Zuazola-Larraña Institutua; Bergarako San Martin de Agirre ikastetxea, Ipintza institutua eta Helduen Hezkuntza Iraunkorra; eta, Aramaio, Angiozar, Elgeta eta Antzuolako Herri Eskolek osatzen dute sarea. Guztira, 5000 ikasle, 3200 familia eta 650 irakasle eta langile batzen dituzte, hain zuzen. Itziar Arregi, Goieskolako lehendakariak azaldu zuenez, Debagoieneko 15 ikastetxe publikoak "saretzea, eskaerak koordinatzea eta laguntza ematea da" helburua. "Komunitatea gara eta etorkizuna eraikitzen jarraitu nahi dugu. Debagoieneko Euskal Eskola Publikoko jai honek komunitatea indartu eta gure arteko saretzea sendotzeko balioko duela ziur gaude", zioen Arregik.
Ildo beretik mintzatu zen Koldotxo Guraso Elkarteko Mercedes Sosa: "Luis Ezeiza Herri Eskola hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztiontzat helburu garrantzitsuenetako bat da bizikidetza positiboan heztea. Debagoieneko euskal eskola publikoaren jaia ere eskola komunitatea, herri mailako komunitatea eta Goieskola bezala, hezkuntza komunitatea indartzeko baliagarria izango da". Horrez gain, Luis Ezeizak, eskola publikoa "ezagutarazten", estigma ezkorrak "ezabatzen", eta, eskola guztiona eta "guztiontzat dela aldarrikatzen" jarraituko duela ere esan zuen.
Azkenik, Maitane Gomez de Segura Ceciaga zuzendariak, apirilaren 18ko jaiaren antolakuntza posible izateko ekarpena egin duten bederatzi herrietako udalei eta erakundeei eskerrak emanez, eta jaiarekin bat egiteko gonbidapena luzatuz amaitu zuen: "Primerako jai eguna antolatu dugu eta elarrekin, errespetuz, elkar zainduz eta gozamenetik, mundiala izango da apirilaren 18ko eguna".