Aurreko ikasturtean, biodibertsitateak herrian izan ditzakeen onurak landu zituzten, eta, ekimen sinboliko horrekin, onura horiek azpimarratu nahi dituzte.
Ezarritako ideiak garatzen
Eskola Agenda 2030 bi ikasturtetan garatzen den prozesua izanik, lehen ikasturtean Garapen Jasangarrirako hamabosgarren helburua landu zuten: Lurreko Ekosistemak. Zenbait gai landu zituzten, eta, gune naturalei erabilera didaktiko bat egiteko diagnostiko bat egin, ondorioak atera, lehentasunak adostu eta ideia bilketa eginda gero, ikasturte honetan ideia horiek martxan ipini dituzte: Zuhaitz Egunarekin bat eginda, bi ikastetxeek elkarrekin landatzea –gaur, eguaztena egindakoa–. Intsektuen hotelak ipintzeko hausnarketa egin, eta jarraitu beharreko pausoak zehaztu dituzte. Horretarako, Mazmelako erlategira bisita egin dute ikasleek. Debagoieneko Erreka Egunean parte hartzeko konpromisoa berretsi dute. Belardiak ez mozteko lanketa egin dute, herritarrentzako informazioa prestatzen hasteko pausoak zehaztu dituzte, eta, azkenik, herritarrei bioaniztasunaren eta espezieen inguruan informatzeko kartelak egiteko konpromisoa hartu dute.