Eskoriatzako Udalak 6,6 milioi euroko aurrekontua onartu du 2026rako

Imanol Beloki Unamuno 2025eko abenduaren 19a

Eskoriatzako Udalak 2026rako aurrekontua onartu zuen atzo egindako osoko bilkuran. Guztira, 6.603.082,77 euroko aurrekontua izango du Udalak datorren urtean, iazkoarekin alderatuta %3,89ko igoera dakarrena.

Aurrekontuak gorakada izan arren, ordea, ez du esan nahi inbertsio gaitasun handiagoa izango denik. Edorta Zubizarreta alkateak azaldu duenez, aurrekontua "legeak ezarritako Ekonomia eta Finantza Plana betetzera mugatuta" dago. Horren ondorioz, Udalaren jardun ekonomikoa estu lotuta dago, eta horrek markatu du kontuen izaera. "Ez dira asmo handiko aurrekontuak, legez mugatuta gaudelako inbertsioak egiteko orduan", adierazi du.

Inbertsioak, lanketarako

Testuinguru horretan, inbertsio nagusiak ez dira obra handietara bideratuko, baizik eta etorkizuneko proiektuak gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren plan eta proiektuak idaztera. Besteak beste, musika eskolaren proiektua lantzea aurreikusten da; lekualdaketarako proposamenarekin egin beharrekoak zehazten ari dira. Eduardo Gorosarrin irisgarritasuna hobetzeko plana ere martxan jartzea da datorren urterako lanetako bat, eta Luis Ezeiza inguruko berrurbanizazioaren diseinua eta klima aldaketaren aurkako planaren garapena ere badituztela esku artean azaldu du Zubizarretak.

Trantsizioko aurrekontuak

Alkateak azpimarratu duenez, aurrekontu horiek "etorkizuneko inbertsioetarako oinarriak jartzeko balioko dute, betiere egungo lege-mugek ahalbidetzen duten neurrian". Hala, 2026ko kontuak trantsizioko aurrekontu gisa aurkeztu dira, egoera ekonomikoa egonkortzeko eta datozen urteetako proiektu nagusiei bidea irekitzeko helburuarekin.

Oposizioaren ekarpenak

EAJren ustez, Udal Gobernuak 2026rako proposatzen dituen aurrekontuak "oso eskasak dira, eta gastu arrunta diru-sarrerekin orekatzera mugatzen dira", azaldu dutenez. "Ez dago inbertsio-proiektu aipagarririk, musika eskola berriaren aurreko proiektua egiteko proposamenaz gain. Izan ere, inbertsioetarako 183.000 euro bakarrik bideratzen dituzte; hau da, aurrekontuaren %2,8. Inbertsiorik gabe ezinezkoa da Eskoriatza eraikitzea". Horregatik hainbat proposamen egin dituztela diote jeltzaleek: "Irisgarritasunean, Luis Ezeizaren ingurunea berriz urbanizatzeko eta duintzeko proiektua, eskolaren atzealdetik pasabide irisgarria irekitzea eta frontoiaren sarreraren aurreko espazioa konpontzea barne. Era berean, klima aldaketaren aurkako talka-plan bat idaztea planteatu dugu, ekintza zehatzekin. Udal Gobernuak gure proposamenen batzuk martxan jartzeko azterketak egiteko konpromisoa hartu du. Horregatik, abstenitu egin gara bozketan, agindutakoa beteko delakoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak