Puntu bat Eskoriatzarendako, denboraldia hasteko

Mireia Bikuña 2025ko ira. 28a, 15:17

Mikel Alcaideren taldeak bina berdindu zuen Hirugarren Mailara igo berri den Oiartzunen kontra. Markagailuan aurreratu arren, asko sufritu zuten etxekoen berdinketa lortzeko. Are gehiago, garaipena lortzeko bi penalti bikoitz izan zituzten azken minutuetan. "Ez dugu partidu ona jokatu. Puntu bat lortu dugu, baina gauzak askoz hobeto egiteko gaitasuna daukagu", esan zion entrenatzaileak GOIENAri.

Denboraldiko lehena zaleen aurrean jokatu zuen Eskoriatzak. Kontrarioa, mailara igo berri den Oiartzun.

Lehia hasi eta segituan aurreratu ziren eskoriatzarrak markagailuan, eta bazirudien ondo hartuko ziola neurria arerioari. Baina, ez zen halakorik gertatu. Bi taldeek izan zituzten gol-aukerak, baina, Oiartzunek bakarrik aprobetxatu zituen. Atsedenaldiaren aurretik, berdintzea lortu zuen.

Txartel gorria

Bigarren zatian, are gehiago okertu zitzaion egoera Eskoriatzari. Etxeko jokalari batek txartel gorria ikusi zuen,  eta taldea jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen bi minutuz. Tarte hartan sartu zuen bigarren gola Oiartzunek.

Emaitzaren kontra jokatu zuen orduan Eskoriatzak. Behin eta berriz ahalegindu, aukera garbiak sortuz, baina, azken unean asmatu barik. Penalti baten bidez lortu zuen binakakoa; eta, Oiartzunen garaipena eskuratzeko aukerak izan zituen arren, garbienak etxeko taldeak izan zituen: bi penalti bikoitz, partiduaren azken minutuan. Biak hutsegin zituen. "Gaur egin dugunaz hausnartu, eta segituan ipini behar gara hurrengo partiduari begira. Ez dago besterik", azpimarratu zuen Alcaidek.

Mondratek, irabazi

Bestalde, Mondratek aise irabazi zuen Gernikaren kontra, Musakolan. Arkaitz Riberaren taldeak 11-1 irabazi zuen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak