42 bikotek hartu dute parte aurtengo lasterketan, eta lau aldiz egin behar izan dute ibilbidea: lehen biak, Aretxabaletatik Eskoriatzara, eta, arratsaldean, kontrako noranzkoan. Azkenean, Gorka Idigoras eta Nerea Campos eskoriatzarrak izan dira azkarrenak; etxean aritu dira lagunen animoen artean.
Goizean euri pixka bat egin zuen, eta horrek pilotu askoren aurreikuspenak aldatzera behartu zituen. Hala ere, ondoren errepidea lehortu eta eguraldi ona mantendu zen egun osoan zehar.
Goiza aurreikusitako moduan joan bazen ere, arratsaldean hainbat gorabehera izan ziren. Hirugarren mangan, auto batek bazterra jo zuen eta lasterketa geldirik egon zen ordu erdiz. Behin bidea garbituta, laugarren mangari ekin zitzaion, baina ibilgailu batek istripua izan zuen seigarren kurban: irauli egin zen eta txanda bertan behera gelditu zen. Zorionez, pilotua eta kopilotoa onik atera ziren.
Gorka Idigoras, txapelduna izateaz gain, antolakuntza lanetan ere aritu da Esko Motor Taldearekin. Azaldu zuenez, orain balantzea egiteko unea da, baina ilusioz hartuko lukete Eskoriatzako Raliesprintaren bosgarren edizioa: "Polita da horrelako lasterketa bat herrian izatea, eta herritarrei ralien mundura gerturatzeko aukera eskaintzea".
Podiumera igo diren bikoteak hauek izan dira:
- Gorka Idigoras eta Nerea Campos – 21'50"0
- Alberto Marcos eta Garazi Beitia – 22'11"6
- Mikel Quintana eta Anton Gandiaga – 22'57"2
Sailkapen osoa hemen duzue ikusgai.