Aurten jaiei hasiera emango dien txupina botatzeko ardura EskoZap elkarteko kideena izango da, hau da, Eskoriatzan Aste Zapatista antolatzen 25 urteko ibilbidea egin duen elkartea. Mundu guztiak tokia duen "Beste Mundu batekin" amesten jarraitzen dute, maitasuna eta elkartasuna eskainiz gertuko eta urrutiko kausei, beti errebeldiaz eta alaitasunez.
Pregoia EskoZap-en eskutik
"Eskoriatzako Zapatista taldekoek presentzia handia dute herrian, Aste Zapatistako astean, eta, baita urtean zehar ere, eta,a aurten 215. urtea izanda merezi zuten aitortza berezia", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Kultura teknikariak.
Nagusien danborrada berrikuntzekin
Bezperan, gainera, nagusien danborra izango da, eta, aurten berrikuntzekin dator. Izan ere, danborrada bakarra izan beharrean, danborradak bi adar izango ditu, ibilbide berarekin eta hamar minutuko aldearekin, nahiz eta bukaeran berriz elkartuko diren plazara batera sartzeko. Ikuskizunei erreparatuz, bestalde, proposamen ugari izango dira.
Orotariko ikuskizunak
Sanpedroetarako askotariko proposamenen aldeko hautua egin du Udalak, beste urte batez, eta egunero izango da zertaz gozatu. "Kukai dantza taldearen EuskOrleans musika eta dantza ibiltaria izango da; Escala orkestra ere izango dugu, eta, haien kasuan, lehenengo aldiz izango dira Eskoriatzan, San Pedro Egunean. Espektatiba handiak ditugu jarrita eurengan. Bi zatitan banatutako emanaldia egingo dute, eta tartean izango dira Deabru Beltzak, Su danborrak ikuskizunarekin. Joselu Anaiak ere, urteetan etorri gabe gure jaietara, berriz izango dira gurekin, eta Bad Sound System taldea ere izango da, reggae doinuekin, besteak beste", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak. San Pedro jaietako egunez eguneko egitaraua Eskoriatza izeneko app-ean kontsultatu daiteke, eta, programan aldaketaren bat balego, bertan jakinaraziko dute.
Bertakoen zigor-dantzaren estreina
Gorosarri dantza taldeak zigor-dantzari dagokionez, berrinterpretaziorako Eskoriatzan errotuta dauden ohiturak eta herriko dantza taldetik pasa diren dantza-maisuen dantza moldeak errespetatuz uztailaren 1ean hemezortzi dantzarik aterako dute berriro ere zigor-dantza Eskoriatzako plazara.
Txosnagunekoak prest
Eskoriatzako Txosna Batzordeko kideak gogor ari dira lanean egunotan Santa Marina plazan izango den txosnaguneko guztia prest uzteko.
Eskoriatzako San Pedro jaiak, Txosnaguneko kartela.