Lorez eta landarez bete dira Fernando Eskoriatza plaza inguruak

Txomin Madina Milikua 2025ko mai. 3a, 17:18

Loratu lore azoka egin dute Eskoriatzan Axtroki Merkatarien Elkartearen ekimenez. Herritarrek, Eskoriatzako komertzioetan egindako erosketei esker, produktu asko doan edo deskontuarekin eskuratu ahal izan dituzte.

Inoiz baino koloretsuago egon da gaur goiz-eguerdi partean Eskoriatzako Fernando Eskoriatza plaza. Axtroki Merkatarien Elkartearen ekimenez Loratu azoka egin dute bertan eta hirugarren urtez, Usurbilgo Urtinea lorategikoen lore eta landareak egon dira bertan eskuragarri. Azken egunetan herriko komertzioetan erosi dutenek, gainera, saria ere izan dute: lortutako bonuen bidez produktuak doan edo deskontuarekin eskuratu ahal izan dute.

Surfiniak, geranioak, polygalak, tomate landareak, sendabelarrak… askotariko loreak ekarri dituzte Eskoriatzara Usurbilgo lorategikoek, eta erantzuna ona izan dela azaldu du bertako Jon Gonzalok: "Saldu dugu, goiza ondo doa; bihar Amaren Eguna dela kontuan hartuta, gainera, loreak opari edo kapritxo moduan ere saldu ditugu. Axtrokik emandako laguntzekin jendea animatu da". Zentzu berean hitz egin du Axtrokiko kide Jabi Altunak: "10:00etan zen zabaltzekoa azoka, baina 09:00etarako jendea zain zegoen". Altunak gaineratu du herritarrek gogoz hartzen dutela azoka. "Galdetzen digute ea noiz izango den hurrengoa". Aurten 2.500 txartel inguru banatu dituzte gaurko egunean loreak erosteko.

Eskoriatzarrak, ekimenarekin gustura

Gauzak horrela, ez dira gutxi izan  etxeak edo balkoiak apaintzeko loreak erosi dituztenak. Bidatz Lasagabaster izan da horietako bat: "Aukera badut, urtero etortzen naiz eta gaur ere erabili ditut Axtrokik banatutako txartelak. Ondo dago hori jendea herrian erostera animatzeko". Aurten gainera, berritzea erabaki du: “Beti geranioak erosi izan ditut, baina gaurkoan kala arrosa bat erosi dut”.

Ingrid Meridak ere ez du jakin esaten zein zen eskuetan zeukan lore handiaren izena: "Hain ederra iruditu zait, galdetu ere ez dudala egin. Arrosa kolorea ikusi dut eta esan didate eguzkiarekin askoz ere ederragoak jartzen direla". Aurten, denbora faltagatik, ez du herrian erosketak egin eta txartelen bat lortzeko aukerarik izan, baina ekimena bera oso ondo dagoela dio: "Beste urte batzuetan eskuratu izan ditut eta herrian erostearen garrantzia gogorarazten digu". Ingridek bezala, Laura eta Adan Beitia anai-arreba gaztetxoek ere ez zekiten eskuetan zituzten loreak zeintzuk ziren: "Politak direlako aukeratu ditugu. Eta etxean familia osoak hartuko dugu parte zaintzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak