Zein eratako binetak dauden, pertsonaien formak nolakoak izaten diren euren izaeraren arabera, komiki bat sortzeko zein prozesu jarraitu behar den... Informazio hori guztia eta gehiago jaso dute goizean Olaia Benito ilustratzailearen eskutik, komiki tailerrean izan diren hamar neska-mutikoek.
Informazio teorikoa entzun ostean, bi eratako pertsonaiak marraztu behar izan dituzte gero; pertsonai ona eta txarra. Onaren ezaugarri nabarmenena itxura borobila izaten dutela azaldu die Benitok, eta pertsonai gaiztoek, aldiz, forma zorrotzak izaten dituztela, esaterako, aurpegiaren forma triangelu erakoa izaten dela.
Horren ostean, irudimena martxan jarri eta bakoitzak komiki baten zirriborroa egin behar izan du gero, komikiaren bi ezaugarri nagusiak kontutan hartuta; alde batetik, gidoia edo hitza, eta, bestetik, ilustrazioa edo marrazkia. Ideia garbi izan ostean, zirriborro bat egiten aritu dira gaztetxoak, eta gero garbira pasa behar izan dute –bi orduko ikastaroan batzuk ezin izan dute lana guztiz amaitu, eta etxean bukatzeko eraman dituzte–.
Horrez gain, tailerrean jasotako informazio nagusia laburbiltzen zuen informazioa ere eraman du bakoitzak etxera, ikasitakoak praktikan jartzen jarrai dezaten.