Euskara eta kulturartekotasuna izan dute aztergai Eskoriatzan

Imanol Beloki Unamuno 2025ko mar. 18a, 14:07

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Amelia Barquin eta Karmele Perez irakasleek gidatuta, Euskara eta kulturartekotasuna Eskoriatzan izenburupean aurten martxan jarri duten proiektuaren berri ematen izan dira herritarrei.

Euskararen biziraupenaz arduratuta, eta atzerritik iritsitako geroz eta pertsona gehiago izanda, kulturartekotasunaren kezka duten UEMAko 31 herrietan dago martxan proiektua, eta Eskoriatza da UEMAtik kanpo dagoen lehenengo herria, proiektua ezarri dutena. Eskoriatzako Udalarekin, ikastetxeekin eta herriko elkarteekin elkarlanean dihardute kulturartekotasunaren kezka horren baitan gogoeta egiten.

Kezkak azaleratzen

Duela hamar hilabete hasitako eta Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa duen proiektu honen xehetasunak herritarrekin partekatu zituzten Karmele Perez eta Amelia Barquin hizlariek saio irekian. Biek esperientzia handia dute kulturartekotasun eta euskara proiektuen lidergoan, eta Eskoriatzan egiten ari diren proiektu honen diseinuan eta burutzapenean dihardute. "Definitzen ari gara euskararen eta kulturartekotasunaren artikulazio hori nola egin nahi dugun. Kezkatuta gaude euskararen bizi-iraupenarekin; euskaraz bizi nahi dugu borondate horretatik abiatzen gara, baina, gure herrietan atzerritik etorritako jende gehiago dago. Zaldibitik iritsi zitzaigun lehenengo kezka, duela lau ikasturte; euskaraz bizi den herria da, eta arnasgune izan arren, kezka zuten familia atzerritar gehiago zeudelako; kezka zuten euskaraz bizitzen jarraitzekoa, baina, baita ere familia atzerritar horiekin komunikazioa bermatzearena", adierazi du Karmele Perezek.

Aldaketa txikiak proposatuz

Eskoriatzan ere euskararen eta kulturartekotasunaren kezka egonda, gogoeta hasi dute espazioak irekitzeko asmoz. "Eskoriatzako Udalarekin herriko, ikastetxe eta herriko eragileekin hasi gara lanean, eta gogoeta horiek sustatu ahal izateko, gai hauek lantzeko, eta, estrategia batzuk inplementatzeko, aldaketa txiki batzuk proposatzen ditugu" dio Perezek.

2021eko datuen arabera, Eskoriatzan, %59,54 euskaldunak dira; euskararen erabilera %29koa da, eta, atzerrian jaioak %12 dira, azken hau, Eustat-en iazko datuen arabera. Hala, dauden hainbat kezka zerrendatuta, aldaketak eta ekintzak proposatzeaz gain, jarrera jakin bat ere eskatu zuten hizlariek berbaldian

Erlazionatuak

Huheziko saioa argazkitan

Imanol Beloki Unamuno mar 18, 14:08 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak