Manuel Muñoz kiroldegia eta Luis Ezeiza Herri eskola geotermia sistemaz hornitzeko lanak hasi dituzte. Lan horiek Ibarraundi museoaren eta kiroldegiaren artean egingo dituzte, eta luze joko dutela aurreratu du Eskoriatzako Udalak. Hain zuzen ere, zortzi hilabete behar izango dituztela aurreikusi dute, eta lehenengo faseko zundaketa lanak –hiru hilabeteko lanak– dagoeneko hasi dituzte.
Kontsumoa murrizteko asmoz
Energia geotermikoak lurraren barruko beroa erabiltzen du elektrizitatea, ur beroa eta berokuntza lortzeko. Hala, Eskoriatzan instalatzen ari diren sistema horrek 36 zundaketa-zulo izango ditu, kiroldegia eta Ibarraundi inguruan egingo direnak, eta klimatizazio-sistema urbano baten bitartez bi eraikinetako galdara-gelan egongo diren ur bero ponpetara konektatuko da. Obra horrekin, ekoizpen termikoari lotutako energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa %52 murriztuko da berokuntzan, eta energia berriztagarrien %58ko ekarpena egingo da berokuntzan eta ur-beroan.
Molestiak eta zaratak
Lortutako onurak asko izango diren arren, obrak irauten duen bitartean molestia batzuk ere eragingo ditu; batez ere, lehenengo fasean, zundaketa lanak egingo baitira. Zundaketak egiteko 150 metroko perforazioak egin beharko dira, eta horrek, zarata handia eragiteaz gain, lur azpiko hautsa eta zikina aterako ditu. Zundaketa lanak hiru bat hilabetean arituko dira egiten; 08:00etan hasi eta 19:00ak arte. 19:00etatik aurrera obran lanak egiten jarraitu ahal izango dute, baina ez zundaketa lanak egiten.
"Hamar egun lan eta lau egun jai izango dituzte bertako langileek, asteburua barne. Hiru hilabetean amaitu nahiko genituzke lehenengo faseko lanak, eta, posible bada, lehenago. Hala ere, lurraren egoera ikusi behar da. Estimazio bat izan arren, ikusteko dago. Hala, lanek eragingo dituzten zaratengatik pazientzia eskatu nahi diet bertako bizilagunei", adierazi du Edorta Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak.